Hainbat tokitan gaur eguerdira arte egon dira argi barik

Mirian Biteri 2009ko urt. 25a, 21:33
Zikloiak eragindako argi-indar arazoek gaur eguerdira arte iraun dute hainbat tokian. Antzuolan, Aramaion eta Bergarako hainbat auzotan, esaterako, gaur bueltatu da argia.

Normaltasuna itzuli da berriro gurera, egubakoitz gauetik zapatura bitartean Debagoiena eta Euskal Herria ederto astindu zuen zikloiaren ondotik. Hasieran aurreikusitakoa baino eragin gutxiago eduki zuen, agian hartutako neurriengatik. Zorionez, kalte pertsonalik ez zuen eragin; bai, ordea, materialak.

Erakundeek eta herritarrek arduraz jokatu zuten. Hala, hainbat tokitan neurriak hartzeko gomendioa egin zuten arratsalde partean. Arrasateko Udalak, esaterako, oharra kaleratu zuen horren harira. Udaltzainek, gainera, tabernek ohi baino lehenago itxi zezatela gomendatu zuten. Ordurako indartsu zebilen haizea eta gauean lehenengo arazoak eragin zituen: Bedoña eta Udala auzoetara doazen errepideetan zuhaitzak jausi ziren eta Elgeta argi-indar barik utzi zuten. Laster konpondu zituzten arazoak.

Bergaran, Aretxabaletan, Antzuolan eta Aramaion denbora gehiago behar izan zuten argi-indarra berreskuratzeko eta horrek arazo asko eragin zituen. Bergara herri kaltetuenetarikoa izan zen. Agorrosin kiroldegia goizean itxi zuten; eta gauza bera egin behar izan zuten Bidebarrieta kaleko Eroskik edo Leize jantzi dendak, esaterako. Beste hainbat saltokietan, eraikin publikoetan eta etxeetan halamoduz moldatu ziren. Simon Arrieta plazako etxebizitzak igogailu barik geratu ziren eta hamargarren pisuan bizi zirenak eskailerak erabili behar izan zituzten ogia erosteko. Argi-indar barik gaur egun ez garela ezer komentatu zion hango bizilagun batek ondokoari Bolintxo okindegian.
 

Aspaldiko tresnekin

Aramaion ere trabak eduki zituzten. Plazako Ormaetxea dendan ateko pertsiana bakarrik zabaldu zuten, eskuz igotzen delako. Ondoko leihokoa automatikoa da eta ezin izan zuten ireki. Jakiak pisu zaharrarekin pisatu zituzten eta denda argiztatzeko kanpin-gasa erabili zuten. Hestebeteak, bestalde, labanarekin moztu zuten; baina, etxekoendako bakarrik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak