Hainbat enplegu erregulazio espediente ibarreko enpresetan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko abe. 23a, 15:23
Aretxabaletako Kappa enpresak enplegu erregulazio espedientea aurkeztu du gaur. Guztira 11 langile ditu Kappa enpresak Aretxabaletako egoitzan eta bost langileei eragingo die erregulazio espedienteak. Urtarrilaren 19an jarriko dute martxan. Bestalde, Arrasateko Aita Menni ospitaleko langileek Gabon egun hauek aprobetxatuko dituzte euren protestekin jarraitzeko.

Gaur sinatu dute Aretxabaletako Kappa enpresak eta langileek datozen sei hilabeteetarako aurkeztu duten enplegu erregulazio espedientea.

Urtarrilean jarriko dute martxan

Guztira 11 langile ditu Kappa enpresak Aretxabaletako egoitzan eta bost langileei eragingo die erregulazio espedienteak. Urtarrilaren 19an jarriko dute martxan. Aipatutako bost langileek %50eko lan jarduna izango dute; hau da, aste baten lanera joan beharko dute eta hurrengoan ez. 

Alfonso Moia ELAko ordezkariak esan digu egoera nolakoa den ikusita akordio onera iritsi direla. Azken bi hilabeteetan eguen eta egubakoitzetan jai hartu behar izan dutela gaineratu digu Moiak. Enpresarekin negoziazioetan atzo hasi ziren eta uste baino lehenago iritsi direla akordiora adierazi du ELAko ordezkariak.

Oñatiko Garai

Oñatiko Garai enpresak ere erregulazio espedientea aurkeztu du baina sindikatuak oraindik ez dira hasi aurkeztutakoa aztertzen. Erregulazio espedientea sei hilabetetakoa izango da otsailetik aurrera jarriko litzateke martxan.

Aita Menni ospitaleko protestak

Bestalde, egun hauetan protestan jarraituko dute Aita Menni Ospitale Psikiatrikoan. 10 hilabete daramatzate negoziaketetan eta oraindik ez dute akordiorik lortu 2008ko enpresa hitzarmenerako. 
Eskakizunek, ospitaleko langileen lan baldintzen hobetzea dute helburu. Alde batetik, soldata hobeak eskatzen dute: Ospitaleko zerbitzuen gehiengo zabala Euskal Gobernua eta Foru Aldundiarekin hitzartuta duela kontutan harturik, sektore publikoko soldata mailetatik oso urrun daudela diote. Bestalde, lanaldiari buruz sektore publikoko 1.592 orduekin alderatuz, Aita Mennin urteko lanaldia 1.646 ordukoa dela salatu dute.

Akordio batetara iristeko ezinaren aurrean, mobilizazioak gogortzeko asmoa dute langileek. Horretarako, ordu beteko geldialdiak deitu dituzte Aita Menni Ospitalean Gabonetarako. Lehenengoak abenduaren 24an eta 31n izango dira. Gero urtarrilean jarraituko dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak