Bihartik aurrera, hainbat anbulatorio itxiko dituzte zapatuetan

Miren Manias 2010ko eka. 18a, 15:53
Aurreratu zuen Osakidetzak pasa den hilean hainbat anbulatorio itxi egingo zituela zapatuetan eta bihar bertan sartuko da indarrean aipatutako neurria. Debagoienean Bergarako anbulatorioan eta Arrasateko ospitalean zentralizatuko dute zapatuko kontsulta zerbitzua herritarrentzat. Osakidetzak hartutako neurriak kezka eta haserrea eragin ditu askoren artean.

Bergaran eta Arrasaten

Arrasate, Oñati, Aretxabaleta eta Eskoriatzako anbulatorioak itxiko dituzte. Bergarakoak, aldiz, normaltasunez jardungo duela jakinarazi du Osakidetzak. Modu horretan, Bergarako anbulatorioan eta Arrasateko Ospitalean eskainiko dute hemendik aurrera Debagoiendarrendako kontsulta zerbitzua zapatu, domeka eta jaiegunetan. Neurri honekin Osakidetzak baliabideak toki zehatzetan bateratu nahi dituela jakinarazi du Helena Baylin Osakidetzaren mendebaldeko bailaretako zuzendariak.

Orain arte, Aretxabaleta, Eskoriatza, Oñati eta Arrasateko anbulatorioek goizeko bederatzietatik eguerdiko ordu bietara arte ematen zuten zerbitzua zapatuetan; bihartik aurrera Arrasateko Ospitalera joan beharko dute herritarrek.

Bergaran, bergarar, antzuolar eta elgetarrendako zerbitzua ematen duen anbulatorioan, berriz, etengabeko arreta gunea dute eta zapatuko zerbitzuak orain arte moduan jarraituko du.

Leintz-Gatzaga eta Aramaioko bizilagunek ere, ez dute aldaketa sumatuko. Zapatuetako zerbitzurik ez zuten orain arte eta osasun zentro berdinera joan beharko dute: Debagoieneko Ospitalera, Arrasatera.

Profesional falta

Osakidetzaren arabera, esandako neurria zapatu goizetan osasun-guneetan eskaintzen den zerbitzuak dituen gabezietatik dator. Profesional falta dagoelako batetik, eta anbulatoriora joan beharrean, herritarrek zuzenean ospitalera joateko ohitura dutelako bestetik. Debagoieneko osasun arreta bi tokitan zentralizatu eta zerbitzua indartu gura dutela dio Osakidetzak: medikuak, erizainak eta pediatrak areagotu egingo dituzte. Horrez gain, Osakidetzako larrialdietarako telefonoa zein den gogorarazi dute: 943 46 11 11.

Herritarrak haserre

Herritarren artean kezka sortu du neurriak. Jende asko haserre agertu da euren herrietako anbulatorioak itxi egingo dituztelako zapatuetan eta autoz mugitu beharko direlako aurrerantzean. Lourdes Idoiaga Oñatiko alkateak adierazi duenez, erabakia hartzerakoan Osakidetzak udalak kontuan hartu behar zituen. Bestetik, zerbitzua gehien duten tokietan kendu beharko litzatekeela uste du Idoiagak, eta ez gutxien daukaten tokietan. Horregatik, gaiari jarraipen zuzena egiteko konpromisoa azaldu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak