'Gurasoak' aldizkariaren lehen zenbakia kalean da

Maider Arregi 2009ko api. 7a, 17:42
Debagoieneko Mankomunitatea eta hainbat udalen ekimena da 'Gurasoak' izeneko aldizkaria. 0 eta 18 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei zuzendutako argitalpena da eta urtean lau alditan kaleratzen da. Leintz-Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Elgeta, Bergara, Antzuola eta Aramaion banatuko da Gurasoak aldizkaria.

Gurasoak aldizkaria elebiduna da eta guztira 5.500 ale banatuko dira. 0-5, 6-11 eta 12-18 urte bitarteko haurren inguruko gaiak lantzen dira. Lehen zenbaki honetan kanabisaren inguruko artikulu interesgarria jasotzen da. Doakoa da.

Gurasoak izeneko aldizkaria eskualdeko udalek bultzatutako proiektu berria
da. Aurrez Arrasaten eta Bergaran argitaratu izan diren Gertutik eta Aurrera Begira aldizkariak osatzera dator, eta eskualde osora zabalduko da.

Prebentzioa

Proiektu honekin prebentzioaren arloan pauso bat gehiago eman nahi da. Gurasoak aldizkariak seme-alaben heziketan lagungarria izan daitekeen informazioa helarazi nahi die gurasoei, besteak beste, garapen pertsonala sustatzeko gaiak, edo gurasoen hezitzaile lanean eraginkorrak izateko baliagarriak izan daitezkeen hainbat estrategia.

Aldi berean, gurasoen partaidetzari ateak ireki nahi zaizkie. Seme-alaben heziketaren gainean izan ditzaketen zalantzak eta kezkak argitzeko tresna erabilgarria izatea da helburua.

Hiru adin-tartetan banatuta

Gurasoak aldizkaria 0-18 urte bitarteko seme-alabak dituzuen gurasoei zuzenduta dago. Informazioa hiru adin-tartetan banatuta dago: 0-5 urte, 6-11 urte eta 12-18 urte. Horretaz aparte, honako atalak ditu: prebentziorako materialari buruzko aipamenak, gurasoen galderak (horretarako posta elektronikoa dago), adituei egindako elkarrizketak, bailarako udaletan gurasoentzat antolatuta dauden ekintzak eta, bukatzeko, gogoetarako gai orokor bat.

Udalek bultzatuta

Gurasoak aldizkaria bultzatu duten udalak dira: Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak