'Gurasoak' aldizkariaren laugarren zenbakia banatu dute

Maider Arregi 2009ko abe. 11a, 10:05
Mankomunitateak gurasoendako aldizkari bateratuaren laugarren zenbakia kaleratu du Debagoienean. Bergaran, Arrasaten, Aretxabaletan, Eskoriatzan, Antzuolan, Elgetan, Leintz Gatzagan eta Aramaion banatuko da aldizkaria. Jarraian duzue laugarren zenbakia irakurri eta jaisteko aukera:

Hemen duzue Gurasoak aldizkariko laugarren zenbakia. (pdf, 1,37mb)

Urtean apirilean, ekainean, urrian eta abenduan kaleratu da Gurasoak aldizkaria. 0 eta 18 urte bitarteko umeen gurasoen etxeetan banatuko da eta doakoa da. Guztira, 5.500 ale banatuko dira.

Gurasoak izeneko aldizkaria eskualdeko udalek bultzatutako proiektu berria da. Aurrez Arrasaten eta Bergaran argitaratu izan diren Gertutik eta Aurrera Begira aldizkariak osatzera dator, eta eskualde osora zabalduko da.

Gurasoak aldizkaria

Proiektu honekin prebentzioaren arloan pauso bat gehiago eman nahi da. Gurasoak aldizkariak seme-alaben heziketan lagungarria izan daitekeen informazioa helarazi nahi die gurasoei, besteak beste, garapen pertsonala sustatzeko gaiak, edo gurasoen hezitzaile lanean eraginkorrak izateko baliagarriak izan daitezkeen hainbat estrategia. Aldi berean, gurasoen partaidetzari ateak ireki nahi zaizkie. Seme-alaben heziketaren gainean izan ditzaketen zalantzak eta kezkak argitzeko tresna erabilgarria izatea da helburua. Gurasoak aldizkaria 0-18 urte bitarteko seme-alabak dituzuen gurasoei zuzenduta dago. Informazioa hiru adin-tartetan banatuta dago: 0-5 urte, 6-11 urte eta 12-18 urte. Horretaz aparte, honako atalak ditu: prebentziorako materialari buruzko aipamenak, gurasoen galderak (horretarako posta elektronikoa dago), adituei egindako elkarrizketak, bailarako udaletan gurasoentzat antolatuta dauden ekintzak eta, bukatzeko, gogoetarako gai orokor bat.

Gurasoak aldizkaria bultzatu duten udalak dira: Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta, Eskoriatza, Leintz Gatzaga eta Aramaio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak