Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta SPRIren (Industri Sustapen eta Birmoldaketarako Sozietatea) laguntza izan du proiektu horrek. Aipatzekoa da, gainera, Estatuan abiarazten den era horretako lehen zerbitzua dela Gipuzkoakoa. Aurrera begira, zerbitzua beste herrialde batzuetara ere zabalduko dute.
FARMA hitza
Informazioa lortzeko nahikoa izango da SMS bat bidaltzea 7505 zenbakira, farma hitzarekin. Hori egin eta berehala mezu bat jasoko dugu gure poltsikoko telefonoan, Gipuzkoa osoko farmazia guztien gidarekin. Internet bitartez jaitsi ahal izango dugu gida hori. Zerbitzua oso erabilerraza eta sinplea da. Mezuaren kostua izango da 90 zentimokoa (gehi BEZ).
Telefono zaharrenen kasuan, hilabeteko gida ekarri ahal izango dugu; telefono berrienetan, berriz, urte osokoa. Gainera, informazioa euskaraz edo gaztelaniaz jasotzeko aukera ere ematen du zerbitzuak. Egutegi baten bitartez, egunez egun eta herriz herri, gauez zein egunez, guardian ze farmazia dauden jakin ahal izango dugu gidari esker.
Behin gida telefonoan dugunean, hantxe gordeta geratuko zaigu. Horrela, aurrerantzean ez dugu berriro ordaindu beharrik izango, informazioa eguneratzea nahi ez badugu, behintzat.
Telefono gehienendako
Zerbitzu hori erabili ahal izateko, beharrezkoa da JAVA hizkuntzaren euskarria izatea eta koloretako pantaila. Koloretako pantaila duten telefono gehienek (%90ek) dute JAVA hizkuntza. Kontuan hartu behar dugu gida deskargatu ahal izateko martxan eduki behar dugula GPRS sistema. Telefono konpainiek doan jartzen dute sistema hori.