Grebak jarraipen zabala izan du hezkuntzan eta udaletan; ez, ordea, osasun arloan

Txomin Madina Milikua 2010eko maiatzaren 25a

Espainiako Gobernuak onartutako murrizketa neurrien harira, ELA, LAB, EILAS, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuen ekimenez, greba eguna zegoen deituta gaur Hego Euskal Herriko sektore publikoan. Debagoienean ere nabaritu da sektore publiko grebaren eragina, batez ere udaletxeetan eta ikastetxeetan. Osasun zentroetan eta Debagoieneko ospitalean, apalagoa izan da izandako eragina.

Ikastetxe publikoen kasuan, Bergara, Antzuola eta Elgetako herri eskoletan jai zeukaten gaur; gainerakoan beste zentro guztiek egin dute bat grebarekin.

Zenbait kasutan baina, esaterako Oñatiko Larraña-Zuazola Institutuan , zenbaitek klasera joan behar izan duten. 

Udaletan, ia denetan

Udalei dagokienez, Elgetakoan izan ezik, gainerako guztietan bat egin dute grebarekin.

Arrasaten udal langileek greba egin dute, kiroldegia itxita egon da eta udaltzainen zerbitzu minimoak bakarrik egongo dira egun guztian zehar.

Aretxabaletan ere, gauza bera: udal langileek greba egin dute eta, hala, esaterako Arkupe Kultur Etxeko liburutegia itxita egon da. Udaltzainen zerbitzu minimoak bakarrik izan dituzte Aretxabaletan.

Eskoriatzan gutxieneko zerbitzuak bakarrik eskaini dira gaur, hau da, 10:00etatik eta 13:30ak arte Udaleko sarrera eta irteera erregistroa zabalik egon da; gainerako udal zerbitzu guztiak, itxita.

Oñatin, zerbitzu minimoak egon dira udaltzaingoan. Horrez gain, bulegoan pertsona bat egon da sarrerak emateko, beste bat arlo ekonomikoan eta hirugarren bat gizarte zerbitzuetan. Kultura etxea eta kiroldegia itxita egon dira.

Antzuola, Aramaio eta Leintz-Gatzagan greba egin dute eta ez da zerbitzu minimorik egon.

Mankomunitatea bera ere itxita egon da.

Osasun arloan, orokorrean eragin gutxi

Osasun arloan, grebak ez du horrenbesteko jarraipenik izan. Osasun zentro eta ospitaletan zerbitzu minimoak bermatzea eskatu zuen Jaurlaritzak; greba egin edo ez, langile bakoitzaren erabakia izan da gainera.

Hala, Oñatin  langile bakarra falta izan da goizeko txandan, eta Eskoriatzako eta Aretxabaletako osasun zentroetako arduradunaren esanetan, ez da grebaren eraginik nabaritu.

Arrasateko osasun zentroan esan dute, goizean mediku eta erizain gehienek grebarekin bat egin dutela.  Gaineratu dute goizean zehar ohikoa baino jende gehiagok deitu duela bere medikua zegoen edo ez baieztatzeko, eta aurrez ere, gaurko txanda gutxi emanda zituztela.

Bergarako osasun zentroan, medikuen artean ez du ia jarraipenik izan grebak; administrazioko langileen eta pediatren kasuan bestalde, zerbitzu minimoekin lan egin dute.

Debagoieneko Ospitalari dagokionez, Osakidetzak emandako datuen arabera, gaur bertan lanean egon beharreko 222 pertsonetatik, 206 joan dira lanera.

Suhiltzaileei dagokienez, Zubillagako suhiltzaile etxean normaltasunez lan egin dute.

Balorazioak

Greba egunaren lehenengo orduak pasata, Jaurlaritzak eta sindikatuek balorazio guztiz ezberdinak egin dituzte.

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaleak esan du grebak ez duela arrakatsa handirik izan.  Grebaren deitzaileek bestalde,  Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan burutu dituzte mobilizazio nagusienak  goizean zehar eta pozik agertu dira grebak izandako jarraipenarekin.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak