Greba deiak aurrekoetan baino jarraipen txikiagoa eskualdeko ospitalean

Arritxu Barruso 2008ko martxoaren 6a

Gaur ere egun osoko greba deialdia egin dute sindikatuek osasun zentro publikoetan. Hirugarren greba deialdia da gaurkoa. Oraingoan, baina, CCOO eta SAEk ez dute bat egin deialdi horrekin. Eskualdeko ospitalean greba deialdiak aurreko bi kasuetan baino erantzun txikiagoa izan du ELA sindikatuaren hitzetan. Dena dela ez dute datu zehatzik eman. Ospitaleko zuzendaritzak esandakoaren arabera, jarraipena %4,5ekoa izan da eta zerbitzuak %100ean egon dira martxan.

ELA, LAB, UGT ETA ESK sindikatuek egin dute egun osoko greba deialdia Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko osasun zentro publikoetarako. CCOOek aste honetan esan du ez duela greba babestuko eta gauza bera adierazi zuen atzo SAEk. SATSE eta UTESE sindikatuek ere aurreko greba deialdian bezalaxe, oraingoan ere ez dute lanuztea egingo.

Greba deitu duten sindikatuek azaldu dute , lan gatazka osasun sektoreareko funtsezko arazoak erabat konpondu arte luzatuko dela eta negoziatzen jarraitzeko daukaten borondatea berretsi dute. Gainontzeko sindikatuen jarrera ere kritikatu dute. Euren ahultasun sindikala agerian utzi duen erabaki horren zergatiak azaldu beharko dituztela azaldu dute.

Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu gaurko. Larrialdi zerbitzuetan normaltasunez egin dute lan; erietxeetan jai egunetan izan ohi diren langileak jardun dute lanean eta anbulatorioetan larunbatetako langile kopuru berdinak egin du lan. Dialisi zerbitzuak eta onkologia tratamenduak mantendu egin dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak