Ordainlekutatik Europako alde askotako autoak pasatu dira: Frantzia, Holanda, Erresuma Batua, Alemania, Belgika… Hauetako inor ez zetorren Debagoiena bisitatzera; urrunago zihoazen guztiak: Magreb aldera, Andaluziara, Madrilera edo Portugal hegoaldera. Gidari asko galduta ibili izanaren arrazoia erraza da: GPSak, AP-1 autobidea, Maltzaga eta Gasteiz artekoa, amaituta balego bezala markatzen du. Baina gero ikusten dute ez dela horrela. GPSak ez daki lan horiek urte beteko atzerapena daramatela. Oraindik 30 kilometro gelditzen dira egiteko eta beraz, autobidea amaitzeko. Horregatik, Europa aldetik datozen gidariek ez dakite nondik nora jo behar duten, noraezean gelditzen dira beraien autoekin. Arrasatetik igaro den gidari madrildar batek zera adierazi du: "Gaizki ohitu gara, dena GPSaren bitartez egiten dugu eta ez ditugu errepideko seinaleak begiratzen. Azkenean galdetu egin behar izan dut norabide egokia topatzeko, zoratu beharrean egon naiz”.
GPS egile askok AP-1 autobidea amaitutzat eman dute eta nabigatzailearen mapetan hala sartu dute. Euskal Herria zeharkatzeko, nabigatzaileak AP-1 autobidea erabailtzea lehenesten du.
Egoera normalizatu nahian
Egoera hau apur bat konpondu nahian, bai ordainlekuetan eta baita Maxi Eroski ondoan dagoen biribilgunean –Gasteizko norabidean–, erabiltzeei zuzenduriko oharrak ipini ditu Bidegi enpresak. Ordainlekuetan GPSak ematen duen informazioa eguneratu gabe dagoela adierazten dute, eta autobidea egin gabe dagoela; beraz, jarraitu behar duten bide zuzena zein den adierazten dute. Eroski ondoko biribilgunean seinale bat ipini dute. Bertan, Madrilerako norabidea zehazten da.
Pasa den urtean, antzerako zerbait gertatu zen, nahiz eta auto kopurua txikiagoa izan zen. Bidegitik adierazi dute, pasa den urtean Maroko aldetik aurten baino auto gehiago etorri zirela, eta aurten aldiz gehiago direla, Alemania, Belgika edo Holanda aldetik datozen auto gidariak. "Beharbada Magrebtarrek eskarmentua hartu zuten joan zen urtean". Egoera pixka bat hobetu da eta galduta dabiltzan autoak ere gutxiago dira.