GOITB modu digitalean ikusi daiteke dagoeneko Leintz bailaran

Arritxu Barruso 2010ko urt. 22a, 14:23
Goiena Telebistak aro digitalerako lehenengo saltoa eman du gaur. Gaurtik aurrera Leintz bailarako biztanleek Lurreko Telebista Digitalaren bitartez ikusi ahalko dute GOITB, horretarako telebista eta antena egokituta izanez gero, behintzat. Orain helburua da prozesua ahalik eta azkarren amaitzea eta Goiena Telebista modu digitalean ikusi ahal izatea laster Debagoiena guztian.

Goiena Telebistak pausu garrantzitsua eman du gaur, aro digitaleranzko lehenengo pausua, hain justu ere. Murun kokatuta dagoen antena da Goiena Telebistako antena printzipala. Bada, Muruko antena piztu dute gaur; hemendik aurrera Goiena Telebistaren seinale digitala emitituko du antena honek, Leintz Bailara guztian.

Pausu garrantzitsua; izan ere gaurtik aurrera Arrasaten, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Gatzagan Goiena Telebista Lurreko Telebista Digitalaren bitartez ikusi ahalko dute. Telebista edota antena horretarako egokituta baldin badituzte, behintzat. Aramaion ere gauza bera gertatuko da telebista-seinalea Murutik jasotzen duten etxeetan. Gainontzekoetan oraindik ez. Izan ere, Aramaioren kasuan Goiena Telebista herri guztian modu digitalean ikusi ahal izateko Gureiako dorrean ekipo digital berriak ipini beharko dira.  

Lurreko Telebista Digitala ikusi ahal izateko deskodetzailea izanez gero 52. kanalean aurkituko duzue Goiena Telebista. Sintonizatzeko probak egin eta Goiena Telebista aurkitzen ez baduzue tekniko batekin ipini beharko zarete harremanetan, arazoa konpondu dezan, eta antenan beharrezko egokitzapenak egin ditzan.

Esan bezala, gaurkoa, lehenengo pausua izango da. Baina datozen egunetan, apurka-apurka Goiena Telebistaren seinale Digitala Debagoieneko gainontzeko herrietara iristen joango da. Helburua da prozesua ahalik eta azkarren bukatzea eta Goiena Telebista laster Debagoiena osoan Lurreko Telebista Digitalaren bitartez ikusi ahal izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak