GOITB modu digitalean ikus daiteke Leintz bailaran; Bergaran, berriz, martxoan

Usoa Agirre 2010ko ots. 24a, 17:25
Goiena Telebistak aro digitalerako lehenengo saltoa egin du. Leintz bailarako biztanleek Lurreko Telebista Digitalaren bitartez ikus dezakete GOITB, horretarako telebista eta antena egokituta izanez gero, behintzat. Orain Bergaran ari dira ekipoak prestatzen han ere digitalean ikus dezaten Goiena Telebista; martxoan iritsiko da hara seinale digitala. Baina saltoa ez da teknologikoa bakarrik izan: zubitik salto ere egin dugu digitalerako salto hori irudikatzeko. Hemen duzue lehen iragarkia.

Arrasaten, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Gatzagan Goiena Telebista Lurreko Telebista Digitalaren bitartez ikus dezakete. Telebista edota antena horretarako egokituta baldin badituzte, behintzat. Aramaion ere ikus dezakete telebista-seinalea Murutik jasotzen duten etxeetan. Gainontzekoetan oraindik ez. Izan ere, Aramaioren kasuan Goiena Telebista herri guztian modu digitalean ikusi ahal izateko Gureiako dorrean ekipo digital berriak ipini beharko dira.  

Lurreko Telebista Digitala ikusi ahal izateko deskodetzailea izanez gero 52. kanalean aurkituko duzue Goiena Telebista. Sintonizatzeko probak egin eta Goiena Telebista aurkitzen ez baduzue tekniko batekin ipini beharko zarete harremanetan, arazoa konpondu dezan, eta antenan beharrezko egokitzapenak egin ditzan.

Martxoan Bergaran

Datozen egunetan, apurka-apurka Goiena Telebistaren seinale Digitala Debagoieneko gainontzeko herrietara iristen joango da. Helburua da prozesua ahalik eta azkarren bukatzea eta Goiena Telebista laster Debagoiena osoan Lurreko Telebista Digitalaren bitartez ikusi ahal izatea. Bergaran ari dira dagoeneko ekipoak prestatzen eta martxoan ikusi ahal izango dute digitalean GOITB.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak