Goienako hedabideak astelehenean itzuliko dira programazio osoarekin

Larraitz Zeberio Lekuona 2009ko abuztuaren 27a

Bueltan izango dira Goitb-ko albistegia eta magazinea. Arrasate Irratian 10:00etan hasiko da 'Uda giroan' irratsaioa. Goienkaria hilaren 4an kaleratuko da.

Goienako hedabideak astelehenean ekingo diote atzera ere euren programazio osoari. Irailetik aurrera, albistegia Larraitz Zeberiok aurkeztuko du. Astelehenean, hilak 31, 14:45ean izango duzue lehenengo edizioa.
     Magazinea Arritxu Barrusok gidatuko du. Astelehenean piztuko dira atzera platoko argiak eta abuztuko etenaldiaren osteko lehenenengo saioetan hainbat gai jorratuko dituzte. Astelehenean, Iñaki Beristain frantziskotarra izango da Magazinean. Egun horretan emango diote hasiera Arantzazuko Amabirginaren bederatziurrenari. Aurten, gainera, Frantziskotarren ordenaren 8. mendeurrena ospatuko dute.
     A gripea ere hizpide izango dute, martitzenean hori. Iñaki Peña medikuaren eskutik gaitz berri honen inguruko xehetasunak ezagutuko ditugu. Arrisku taldeak zeintzuk diren, Debagoienean zenbat kasu eman diren… Usoa Agirrek ekarriko du gaia magazinera.

Internet eta irratia

Goienaren atari digitalak, goiena.net webgunean, ez du udan etenaldirik izan, baina astelehenetik aurrera ohiko atal guztiekin itzuliko da. Zorioni agurrak, sailkatuak, eguraldi iragarpena…
     Arrasate irratiak ere astelehenean ekingo dio denboraldi berriari. 'Uda giroan' irratsaioa 10:00etan etorriko zaigu eta bi orduz albisteak, kirol tartea eta ohiko tarte guztiak izango ditu. Uda giroko edukiak eta uda giroarekin lotutako opari guztiekin.

Goienkaria

Goienkariko hurrengo zenbakia, berriz, barikuan, irailaren 4an, kaleratuko dute eta Asteleheneko Goienkaria hilaren 7an itzuliko da. Gogoratu, Goienak martxan duela Udako argazkien bosgarren lehiaketa. Dagoeneko 44 argazki aurkeztu dituzte lehiaketara. Oraindik, baina, garaiz zabiltzate zuenak aurkezteko epea zabalik dago-eta irailaren 18ra arte. Bete beharreko baldintza bakarra, Debagoienekoa izatea. Irabazleak nortzuk diren urriaren 5ean jakingo dugu.




ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak