Goienak Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Kalitate Ziurtagiria egiten lagundu du

Leire Kortabarria 2007ko abenduaren 17a

Goienak Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren eskutik oroigarri bat jasoko du gaur, astelehena, Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren lanketan parte hartzeagatik. Ekitaldian, oroigarriak emateaz gain, ziurtagiria bera aurkeztuko du Kultura sailak.

Eusko Jaurlaritzak eta EUSKALIT Kalitateko Euskal Iraskundeak enpresa eta erakundeetako euskararen kalitatea neurtzeko Euskararen Kalitate Ziurtagiria izenekoa sortu dute. Berau aurrera ateratzeko, hainbat enpresaren laguntza eskatu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta, komunikabideen arloa ordezkatzeko, Goiena aukeratu zuten.

Bederatzi enpresatan

Marko teorikoa bederatzi enpresatan landu da, tartean, Goienan. Debagoieneko beste enpresa bat ere aukeratu zuten, Antzuolako Elay; eta MCC taldeko Eikak eta Eroskik ere parte hartu dute.

Probak Goienaren Arrasateko egoitzetan egin ziren, eta emaitzak onak izan ziren. Galdetegi bat bete eta ordezkari batzuk Goienan izan ziren, euskararen erabilera neurtzeko.

Ziurtagiria egiten eta kudeatzen, bi erakundek parte hartzen dute: batetik, Artezkaritza Kontseiluak, honakoek osatuta: Eusko Jaurlaritzak; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek; Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak; Euskalit Kalitaterako Euskal Iraskundeak eta Confebask, Adegi, Cebek eta Sea enpresaburuen elkarteek. Bestetik, Kudeaketa Batzorde Eragilea Artezkaritza Kontseiluak eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak osatzen dute.

'Bai euskarari'

Goienak badauka euskara ziurtagiri bat: Kontseiluaren Bai Euskarari. Guk Lana eta Zerbitzua Euskaraz, 2005ean lortua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak