Goienak eta Hamaika taldeak hitzarmena sinatu dute

Asier Alkorta 2007ko mar. 19a, 17:07
Goiena Komunikazio Zerbitzuek eta Hamaika Telebista Hedatzeko Taldeak elkarrekin lan egingo dute aurrerantzean. Konpromiso horri baietza eman diote bi aldeek gaur, astelehena, hitzarmena izenpetuta, Bilboko Kafe Antzokiko ekitaldi baten. Goienak bezala, Tokiko elkartea osatzen duten beste lau telebistek nork bere hitzarmena sinatu dute.

Goiena lekuko telebista sustatzeko talde baten sartzen da, baina bere izaera, izena… gordetzen ditu, hau da, ez da Hamaikako kide bihurtzen. Hainbat abantaila izango ditu:

  • eskualdean modu digitalean emititzeko baimena lortzeari begira, Hamaika ez da Debagoienean aurkeztuko
  • epe luzera, bere programazioa osatzeko aukera handiagoak izango ditu, baita berak ekoiztutako programak trukatzeko edo saltzeko ere.

Euskarazko telebistak batu

Adostasuna lortzeko negoziazioek luze jo dute. Goiena helburu jakin batekin abiatu zen: telebista digitalerako egongo diren 15 barrutietan euskarazko telebista bana egotea, eta orain telebistok dituzten eskualdeetan, telebista horiek lanean jarraitzea; azkenean, 15 horiek elkarte baten batzea, helburu batzuekin:

  • produktu gehiago eta prezio hobean lortzea;
  • publizitatean irabaziak haztea;
  • beste batzuei norbere ekoizpena saldu ahal izatea…
Horrela iritsi da Hamaikarekin indarrak batzeko unea. Aurrerantzean, lankidetza zehaztu egingo da; adibidez, ekoizpen batzorde bat osatuko dute, eta GOITBren ekoizpen erdia taldeak sortutako eta kudeatutako programekin osatuko da.

Horren guztiaren truke, Hamaikak Goienaren kapitalaren %5 dauka.

Kanpoan, lehia handia

Martxoaren 23an bukatzen da modu digitalean emitituko duten tokiko telebistek baimena lortzeko eskaerak Jaurlaritzari aurkezteko epea. Goiena aurkeztu egingo da eta, orain hitzarmena daukatenez, Hamaika ez da gurean bere kabuz aurkeztuko, ez eta Tokiko elkarteko telebistak dauden beste barrutietan ere.

Hortik kanpo, baina, lehia gogorra izango da, batez ere hiriburuetako eskualdeetan. Hala, Estatuko beste leku batzuetan gertatu denari begiratuta, Kataluniari, adibidez, komunikabide-talde handiak aurkeztu direla ikusiko dugu –Localia,  Cope, Onda Cero, Vocento, Localmedia…– eta Euskal Herrian ere, hala izango da, seguruenik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak