Goienak aitorpen oroigarria jaso du 'Bikain' ziurtagiriaren probetan parte hartzeagatik

Usoa Agirre 2007ko abe. 18a, 11:34
Atzo, astelehena, jaso zuen oroigarria Goienako lehendakari Estepan Plazaolak Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren eskutik, Bilbon. Han aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak Bikain, Euskararen Kalitate Ziurtagiria. Ziurtagiri hori osatzeko proba batzuk egiten aritu dira zenbait enpresatan, tartean Goienan. Proba horietan parte hartzeagatik jaso du aitorpen oroigarria Goienak.

Marko teorikoa bederatzi enpresatan landu da, tartean, Goienan. Debagoieneko beste enpresa bat ere aukeratu zuten, Antzuolako Elay; eta MCC taldeko Eikak eta Eroskik ere parte hartu dute.


Eusko Jaurlaritzak eta Euskalit Kalitateko Euskal Iraskundeak enpresa eta erakundeetako euskararen kalitatea neurtzeko Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria izenekoa sortu dute. Atzo, astelehena, aurkeztu zuten ziurtagiria Bilbon. Aurkezpenean izan ziren Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakaria, Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta egitasmoan parte hartu duten gainerako instituzioak eta enpresak, besteak beste, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Confebask enpresari elkartea eta Euskalit.

Hiru ziurtagiri

Aurkezpen ekitaldian esan zutenez, ziurtagiri "publiko, ofizial, independente eta doakoa" da Bikain. Enpresek eta esparru sozioekonomikoko erakundeek garatutako hizkuntza normalizaziorako prozesuen maila egiaztatzea eta aitortzea du helburu, "era bateratu eta sistematizatu batean". Zehazki, enpresetan euskarak duen presentzia, erabilera eta kudeaketa ebaluatzen ditu Bikainek.

Hiru ziurtagiri daude, erakundeek hiru parametro horietan lortutako mailaren arabera:

  1. Oinarrizko mailako ziurtagiria (beltz kolorekoa).
  2. Erdi mailako ziurtagiria (zilar kolorekoa).
  3. Goi mailako ziurtagiria (urre kolorekoa).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak