Goi-tentsioko linea elektrikoaren proiektuak udalen kezka piztu du

Iker Barandiaran 2009ko ekainaren 8a

Espainiako Ingurumen Ministerioak ibarreko hainbat herri zeharkatuko lituzkeen goi-tentsioko linea elektrikoa eraiki gura du. Berez Frantziatik etorriko litzatekeen sare elektrikoa Espainiako Estatuarekin lotu eta Galiziaraino eramatea da horren helburua.

Hala ere, Ingurumen Ministerioak bi ibilbide posible aurreikusten ditu: bata, Aramaio, Oñati, Arrasate eta Eskoriatzako lurretatik igaroko litzatekeena; eta bestea, Bergaratik.

Aurreproiektua, udaletxera

Orain dela hamabost bat egun, Espainiako Ingurumen Ministerioak linea elektrikoak ukituko dituen udalerrietako erakundeetara jo zuen aurreproiektua aurkezteko; hori baino, txosten bat bidali zieten. Horrekin batera, udal ordezkariei eskatu zien udalerriaren gaineko informazio orokorra, batez ere ingurumenarekin lotuta dagoena, hilabeteko epean prestatu eta bidaltzeko. Udal ordezkariek uste dute informazio hori baliatuta, ingurumen kalteak aztertuko-edo egingo dituztela.

Udaletxeetan harrituta gelditu dira eta jakinarazi dute hain epe laburrean ezin dutela informazio nahikoa prestatu; alegia, horretarako denbora handiagoa behar dutela.
Are gehiago, alkate batzuek esan digute jaso duten informazioa oso urria dela, eta horren bitartez ez dagoela ondo antzematerik linea elektrikoa nondik pasatzea gura duten.

Epea handitzeko eskaera

Hala, kaltetuak izan daitezkeen udaletatik kezka agertu dute eta Ministerioari eskatu diote informazioa prestatzeko epea handitzeko. Horrez gain, udal batzuk eskatu dute, baita ere, informazio zabalagoa edo zehatzagoa. Udal ordezkariek diotenez, ez da batere argi gelditzen nondik pasa gura duten. Bestalde, Gipuzkoako eta Arabako Aldundiek alegazioak aurkeztuko dituzte.
Linea elektriko horrek 400.000 voltio eraman ditzake, eta oso poste altuak behar ditu. Ingurumen Ministerioaren esanetan, asmoa da Gaztela zeharkatzen duten linea txikiak kendu eta horrek ordezkatzea.

Aramaioko udala, lanean

Aramaioko alkate Asier Agirrek jakinarazi digu Ministerioari eskatu diotela informazio zehatzagoa emateko, eta baita herriko hainbat elkarte -ingurumenarekin eta basoekin lotutakoak– eta Olaetako batzarra informa ditzatela.
Agirrek uste du bi ibilbide posible mahai gainean jarri dituztela galera gutxien egingo duena aukera dadin, baina alkatearen ustez, hori ez da gakoa: "Aztertu behar dena da ea hori gura dugun, komeni zaigun, eta ea bizitza eredu horrekin nora goazen: minbizia eta beste".
Are gehiago, Aramaioko Udalak asmoa dauka udal webgunean proiektu horren gaineko informazioa sartzeko, herritarrak informa daitezen.
Aramaioko udala, lanean
Arrasateko alkate Ino Galparsoro ere kezkatuta dago: "Informazio gehiago eskatu dugu eta epea luzatzea; gauza asko daude argitzeko, eta ez dugu uste bailarari onurarik ekarriko dionik. Gainera, badirudi aspaldian gu garela korridorea gauza askotarako".
Galparsorok esan digu Hirigintza batzordea gai horren gaineko txosten zabala prestatzen dabilela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak