Zentroak erreferentzia izan nahi du Espainia mailan, eta horren bidez Mondragon Unibertsitateak bertako ekonomiarentzat funtsezkoa den erronkari heldu nahi dio: teknologia propioa garatzea. Zentroak, bere esparruan, I+G arloko bikaintasunezko gune bilakatzea du helburu.
Instalazio berria
Garaia Berrikuntza Gunean kokatuta egongo da Elektronika eta Sistema Txertatuen Ikerkuntza eta Teknologi Berrikuntza Zentroa.
Beheko solairua eta beste hiru izango dituen erakinak Goi Eskola Politeknikoak baino bi aldiz ikasle gehiago hartu ahal izango ditu elektronikan, informatikan eta telekomunikazioetan, eta Eskola osoak baino heren bat gehiago. Gaur egun 574 ikaslerentzako tokia du Goi Eskola Politeknikoak, eta zentro berriak 900 hartu ahal izango ditu.
Proiektuak osagarriak diren lau jarduera-esparru uztartuko ditu:
- ikerketarako jarduerak eta laborategiak;
- transferentzia teknologikoko eta berrikuntzako proiektuak;
- aholkularitzako eta ingeniaritzako jarduerak; eta
- oinarri teknologikoa duten enpresa berriak sustatzeko arloa.
Horretarako, proiektuak hainbat lagunen lana bilduko du, hala nola, ikerlariak, hirugarren zikloko ikasleak, graduko eta graduondoko ikasleak, irakasle ikertzaileak eta atzerriko ikasleak. Horiek guztiak teknologi zentroetako eta enpresetako langileekin batera ariko dira.
Helburuak
- Proiektuaren bidez lortu nahi da Mondragon Unibertsitatea lider eta sustatzaile izan dadila elektronika eta sistema txertatuen teknologien garapenean, metodologian eta diseinuan.
- Unibertsitateak hezkuntza integrala garatu nahi du Europako Goi Mailako Irakaskuntzako esparruaren barruan.
- Berrikuntzaren aldeko estrategia aktibo horri esker, unibertsitatean ikerkuntza sendotu egingo da. Horrela, Mondragon Unibertsitateko ikertzaileak atzerriko zentroetan prestatu ahal izango dira eta alderantziz ere, ikertzaile atzerritarrak etorriko dira unibertsitateko ikerketa-laborategietara.
- Ezagutza enpresetara transferitzeko aukera emango du proiektuak, eta modu horretan arinago eta errazago berrituko dituzte produktuak eta negozioak.
Zentroan garatuko diren laborategiak
Honako hauek dira zentroan garatuko diren laborategien inguruko aurreikuspenak 2008-2012 eperako:
- Sistema elektronikoak diseinatzeko ikerketa-zentroa
- Metodologiak eta software-diseinua ikertzeko zentroa
- Garraio adimendunerako elektronikako ikerketa-zentroa
- Teknologi garapenerako eta ekintzailetzarako zentroa
- Banatutako sorkuntzarako zentroa
- Interfazea Mikrofluidikako ikerketa-zentroarekin
- Interfazea Osasun eta Bioteknologiako ikerketa-zentroekin