Gobernuak 11 milioi euro emango dizkie ibarreko herriei

Txomin Madina Milikua 2008ko abe. 5a, 14:58
Krisiari aurre egiteko, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak batez ere inbertsioetan oinarritutako neurri sorta berri bat iragarri du aste honetan bertan. 11000 milioi euro bideratuko ditu Zapaterok neurri sorta hori aplikatzeko, horietatik 8000 milioi, urgentziazko udal obretarako. Debagoienean, Arrasatek jasoko du diru gehien, gutxien beriz, Leintz Gatzagak.

Udalen egoera ekonomiko estuari laguntzeaz gain, bi helburu bete nahi dituztela adierazi du Zapaterok udalei laguntzeko emango dituen 8000 milioi euroekin: batetik, azken hilabeteotan lanik barik geratu den jendea enplegatzea, eta bestetik udalek planifikazio eta exekuzio azkarreko lanak egitea bestetik.

Udalei emango zaizkien laguntza hauek, biztanleriaren arabera banatuko dira; hala, Debagoienean, Arrasatek jasoko du diru gehien, eta Leintz Gatzagak berriz gutxien. Hauek dira herri bakoitzak gehienez jasoko dituen laguntzak:

Herria
Laguntzak
Arrasate 3.914.272 euro
Bergara
2.613.497 euro
Oñati
1.903.686 euro
Aretxabaleta 1.160.866 euro
Eskoriatza 700.520 euro
Antzuola 375.392 euro
Aramaio 264.243 euro
Elgeta 186.015 euro
Leintz Gatzaga
44.247 euro
DEBAGOIENA 11.172.738 euro

Finantzatuko diren lanek, hainbat baldintza bete beharko dituzte: Udalek urtarrilera arte izango dute proiektuak aurkezteko aukera, eta lanak datorren urteko apirilaren 13a baino lehen hasi beharko dira. Honetaz gainera, bertako langileak langabezian daudenak izan beharko dira.

Espainiako Gobernuak laguntza osoaren %70 aurreratuko du, eta gainerako %30, lanak bukatzen direnean. Honetarako epea 2010ko lehengo hiruhilabetekoa izango da. Proiektuek ezingo dituzte lanak zatitu, eta bakoitzaren gehienezko aurrekontua 5 milioi eurokoa izan beharko da.

Alderdi Popularraren eskaria

Laguntza hauen harira baina, eta Inazio Uria enpresari azpeitiarraren kontrako atentatua dela eta, Alderdi Popularrak eskatu dio Zapaterori ez emateko diru laguntzarik Eusko Abertzale Ekintzaren zerrendetan joandakoek agintzen duten Udalei.

Horren partez, herri horiei dagozkien laguntzak Foru Aldundiek kudeatzea proposatu dute. Eskaera honek aurrera egingo balu, Debagoieneko bost herriri eragingo lieke: Arrasate, Bergara, Eskoriatza, Antzuola eta Aramaiori hain zuzen ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak