Gipuzkoako Urak enpresako langileak, protestan

Goiatz Arana Begiristain 2007ko azaroaren 14a

Gipuzkoako Urak enpresako Debagoieneko eta Debabarreneko hainbat langile Bergarako plazan batu dira goizean, protesta egiteko. Diru gehiago eta lan baldintza hobeak eskatzen dituzte, eta zuzendaritzari negoziaziorako borondate falta egotzi diete.

Hitzarmen duin baten aldeko aldarrikapena jasotzen zuen pankartaren atzean egin dute elkarretaratzea Gipuzkoako Urak enpresako langileek. Urriaren 10ean langileen asanblada orokorra egin zuten Azpeitian, eta bertan aho batez hartutako erabakiari jarraituz, urriaren 24an ekin zieten mobilizazioei.

Enpresa Batzordetik jakitera eman dutenez, 2002-2006 urteen artean, Gipuzkoako Metalaren hitzarmena oinarritzat zuen enpresako paktu batek arautzen zituen langileen lan baldintzak eta, horren ondorioz, ez zituen jasotzen euren aktibitateak berezkoak dituen arazo askori aurre egiteko beharrezkoak diren neurriak, zerbitzu publikoa bermatzeko egin beharreko guardiak kasu.

Zuzendaritzak, ezezkoa

Hitzarmen horren bukaerak nolabaiteko hutsune legala sortu duela gaineratu dute eta, horretaz aprobetxatuz, zuzendaritzak Espainiako Uraren Hitzarmenaren hainbat lan baldintza murrizkor ezarri dituela. Egoera horren aurrean, Enpresa Batzordeak berezko hitzarmen baterako proposamena luzatu dio zuzendaritzari, baina kontatu digutenez ezezko borobila jaso du.

Egoera desblokeatu ezean, mobilizazioak

Egoera desblokeatu eta negoziazioei berrekiteko eskatu diote zuzendaritzari, eta hala egin ezean mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu dute. Gipuzkoako Urak enpresakoek kudeatzen dituztenen artean daude Oñati, Bergara, Elgeta eta Antzuolako urak, arazketa-lanak eta saneamendua, eta baita Urkuluko urtegiaren kontrola eta hornikuntza ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak