Gipuzkoako Ur Kontsortzioak gonbidatuta bisita gidatua egin dute Urkulura

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko eka. 2a, 17:44
Ezagutzen al dugu edaten dugun ura? Hori argitzeko, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak gonbidatuta Debagoienean kontsumitzen den uraren zikloa ezagutzeko aukera izan dute alkate eta zinegotziek. Urkuluko urtegia, eta uraren bilketa eta tratamendu instalazioak gertutik ezagutu dituzte.

Urak etxeko iturrietara iritsi arte jasotzen duen tratamendua, edo ur zikinak nora doazen azaltzea izan da gaurko bisitaren helburua. Gipuzkoako Ur Kontsortzioak gonbidatuta, ibarreko alkate eta zinegotziak izan dira bisitan. Legealdi bakoitzean egiten duten ohiko bisita dela azaldu du Iñigo Elosegi Ur Kontsortzioko zuzendariak.

Urkuluko urtegiko presa

Iñigo Elosegi Ur kontsortzioko zuzendaria eta Josetxo Saizar teknikariak eman ditu urtegiko gaineko azalpenak. Urkuluko urtegiko presa orain dela 28 urte egin zen, eta garai hartan egin zen lehena izan zen. Presaren gorputza material solteaz eginda dago, eta uraren bultzada eustea eta urik ez galtzea da presaren eginbehar nagusia.

Presaren oinarria 150 metrokoa da; altuera, ostera, 50 metrokoa eta zeharka 200 metro ditu. Urkuluk 10.000 milloi litro ur batzeko gaitasuna dauka, eta inguruko 14 kilometro koadroko azaleran jausten den ura batzen du. Urkulutik 6.000 milloi litro ur ateratzen dira urtean; eta, 65.000 biztanlek edaten duela Urkuluko ura azaldu du Saizarrek.

Ura ateratzeko hartune bakarra

Urkuluko ura 25 metroko sakoneran dagoen hartune bakarretik ateratzen da. Hortaz, beti kalitate bereko ura edaten dugu. Beste urtegi batzuetan hiru edo lau hartune dauzkate eta kalitate onena duen hartunetik hartzen dute ura.

Ura garbitu egin behar da

Ur naturala ur edangarri bihurtzea da hurrengo pausoa. Ura mikroorganismo patogeno eta substantzia toxikorik gabe geratu behar da, eta baita usain eta zapore edo kolore barik ere. Lehenengo oxidatu egiten da ura ozonoarekin nahastuta. Hala, burdina eta manganesoa oxidatzen dira. Gero dekantazioa egiten da; modu honetan, solidoen banaketa errazten da. Iragazketaren bidez aurreko fasean kendu gabeko partikula txikiagoak kentzen dira. Azkenik, fluoroa eta kloroa gehitzen dira. Fluoroak kare maila jaisten du eta kloroak ura desinfektatzen du.

Ura, biltegira

Behin tratatuta, ura biltegi batera eramaten da. Biltegiak ur erabilgarria dosifikatzeko aukera ematen du. Ohikoena, punturik altuenean kokatzea izaten da; hala, ponpaketa erabili gabe grabitateak errazten du banaketa.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak