Gipuzkoako taldeei zor diena argitzeko eskatu dio Galdosek Badiolari

Xabier Urtzelai 2008ko ira. 26a, 13:33
Kirol diputatu Iñaki Galdosek Realari emandako 820.000 euroen gaineko azalpenak eman behar izan zituen astelehenean, Batzar Nagusietan. Aralar taldeko Rebeka Uberak horrela eskatuta eman behar izan zituen Galdosek azalpenok, eta ordezkari guztiek onartu zituzten diputatuak esandakoak.

Ez hori bakarrik, Realak jasotako diru hori errekuperatzeko neurriak hartu behar dituztela erabaki zuten, ahobatez.

Badiolaren etorrera
Galdosen esanetan, Realak 2007ko abendura arte bete zuen Gipuzkoako taldeekin zuen hitzarmena. Urtarrilean hartu zuen Badiolak Realaren gidaritza, eta presidente berriak Realak harrobiko taldeekin zuen hitzarmena onartu zuen. Hori horrela, Galdosen esanetan otsailean Diputazioak 820.000 euro eman zizkion Realari, taldeen –eta Gipuzkoako futbol federazioaren– artean banatzeko.
Realak uztailaren 31 zuen diru hori banatzeko azken eguna, eta klubek ez zuten dirurik jaso. Hala, GOIENKARIAk irailaren 5ean salatu zuen Realak 49.000 euro pasatxo zor zizkiola Debagoieneko futbolari, eta diru hori barik taldeek denboraldiari aurre egiteko zelako zailtasunak izango zituzten azaldu.
dirua bueltatzeko eskaria
Badiolak datorren martitzena baino lehen azaldu behar du zer egin duen diru horrekin. Hala egiten ez badu Diputazioak apurtu egingo du talde txuri-urdinarekin duen hitzarmena, eta horrek bi ondorio izango lituzke. Batetik, Realari dirua itzultzeko eskatuko liokete (820.000 euro), eta bestetik, Gipuzkoako klubek Diputazioaren eskutik jasoko lukete hitzarmeneko diru-laguntza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak