Izan ere, Aiako harria, Aralar, Pagoeta eta Aizkorri-Aratz natura parkeek bat egiten dute Fundazioan; gainera, Miramongo Kutxaespazioan ere, Sareari koherentzia eta eraginkortasun handiagoa eman nahian, Donostialdean bisitariak eta eskoletako taldeak hartuko dituen erreferentzia zentro bat egongo da. Fundazioaren egitekoa da parketxeen sare bat sortzea, sustatzea eta zabaltzea irizpide bateratuetan oinarrituta.
Natura jarduerak sustatu
Parketxeen Sarearen bitartez, Fundazioak ingurumen heziketa, natura ingurunearen ezagutza eta ingurumenarekiko errespetuzko balioak sustatuko ditu herritarren artean. Bestalde, naturarekin lotutako aisialdi jarduerak eta natura ingurunearekin bat eginda gauzatzen diren jolas jarduerak sustatu eta bultzatuko ditu. Eta sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza ere bultzatuko du eta marka irudi bat sortu, gune guztiak hartuko dituena.
Aldundiak 30.000 euroko hasierako ekarpen ekonomikoa egingo du, eta jarduerak finantzatzeko urteko gehieneko ekarpena. 2009 eta 2010 urteetako ekarpenak 50.000 eta 400.000 eurokoak izango dira, hurrenez hurren.
Aizkorri-Aratz natura parkeko Arantzazuko parketxea Gandiaga eraikineko atzealdean egongo da. Parketxea egokitzeko lanak hasiak dira dagoeneko eta, aurreikuspenen arabera, udarako lanok bukatuta egongo dira.