Gipuzkoako joera mantenduz, ibarreko biztanle kopuruak gora egin du

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko urtarrilaren 18a

Azken urteotako datuei begira jarrita, Gipuzkoako biztanleriak gora egin du. Gure herrietan ere, orokorrean, tendentzia bera izan da. Debagoienean 2006an baino 120 pertsona gehiago zeuden erroldatuta 2007an. Baina, mugimenduei dagokionez desberdintasunak daude herrien artean. Esaterako, Arrasatek, Bergarak eta Aramaiok biztanle kopuruan behera egin duten moduan beste herriek gora egin dute.

2006arekin alderatuta 194 pertsona gutxiago bizi dira Arrasaten. Ino Galparsoro Arrasateko alkateak aditzera emandakoaren arabera, arrazoiak, azken urteetan bezala, ekonomia kontuekin daude lotuta: "Arrasaten jende dezente dago bigarren etxebizitza erosten duena, eta desgrabazio fiskalak direla medio, etxe hori erosi duten lekuan erroldatzen dira".

Etxe merkeagoen bila

Bigarren etxea erosi duten herrian erroldatu dira hainbat lagun; baina, etxebizitzarekin lotuta beste joera bat ere badago. Gazteak, etxe merkeagoak dauden herrietara mugitzen dira: "Inguruan edo ez oso urruti egon daitezke etxebizitza batzuk ez horren garestiak, eta beste batzuk  horregatik joaten dira kanpora", gaineratu du alkateak.
Joera horren ondorioz, Aretxabaletak, Elgetak, Eskoriatzak eta Antzuolak biztanlerian gora egin dute. Antzuolako udaleko Mari Jose Garitanok esan digu, azken urteotan Buztin-zurin eta Sagastin egin diren etxeetara inguruko herrietako jende asko etorri dela bizi izatera. "Orain dela lau urte 2.000 biztanle baino gutxiago ginen Antzuolan eta, gerora, kopuru hori nabarmen igo da. Hala, Antzuolak 2.072 biztanle zituen 2006. urte hasieran, 2.121 biztanle 2007. urtean eta aurtengo datuen arabera, 2.161 biztanle ditu Antzuolak". Azken datu hauek ez dira ofizialak.
Aretxabaletak ere joera bera izan du. Udaleko arduradunek esan dute, "Aretxabaletan egin diren etxe berriak direla-eta gazte asko etorri da bizitzera. Hala, gazte hauek haurrak izan dituzte eta horrek eragina izan du biztanle kopuruan":
Jaiotza asko egon den beste herri bat Gatzaga da. "Aurten, iaz baino 13 pertsona gehiago daude erroldatuta Gatzagan; arrazoia, gure ustez, jaiotzak eta etorkinak izan dira", adierazi dute Gatzagako Udaletxetik.

Etorkinen beharra

Bergarako kasuan, 2007an 2006an baino 11 biztanle gutxiago zituen herriak. Azken urteetan biztanleriak behera egiteko tendentzia izan duen arren, maila mantentzea lortu da. Arrazoia, etorkinak izan dira,
"Esan daiteke, etorkinei esker mantentzen dela Bergarako biztanle kopurua. Hala, 2006an 615 etorkin erroldatu ziren Bergaran eta 2007an, berriz, 749", esan dute Bergarako udaletik. Etorkin gehiago egon arren biztanleriak behera egitearen arrazoia zein den jakitea zaila dela gaineratu dute. Oñatin, 84 etorkin erroldatu ziren 2007an; hala, etorkinak dira biztanleria kopurua gora egitea ahalbideratu dutenak.
Gipuzkoan migrazioak herrien artean ematen dira; hau da, jendea herriz aldatzen da baina ez probintziaz. Horri etorkinak gehituz, nabarmen egin du gora biztanleriak Gipuzkoan; azken urtean, % 0,44.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak