Gipuzkoako bidegorrien zatikako plana ikusgai jarri du Aldundiak

Mireia Bikuña 2008ko ira. 4a, 13:52
Aurrerapena kontsultatu edo iradokizunak egin gura dutenek www.gipuzkoa.net webgunean begira dezakete. Gipuzkoako bidegorrien behin betiko azpiegitura sarea egiteko, herritarren ekarpenak hartuko dituzten kontuan. Zatikako planaren aurrerapenean, memoria, arautegia, ingurumen eraginaren azterketa, planoak eta sintesi dokumentua jaso dituzte.

Debagoienean zuzenean eragingo dute laugarren eta seigarren ibilbideek. Debako Harana izeneko ibilbideak Gipuzkoa mendebaldea zeharkatuko du, eta itsasaldeko bidea eta Arabako mugak lotuko ditu. Hala, Debabarrena eta Debagoiena lotuko ditu. Ardatz nagusiak 64,8 kilometro izango ditu, baina bi bide-adarrak gehituta, 75,1 kilometro. Bi bide-adarrak izango dira: Elorregi-Oñati (6,7 kilometro)  eta Bergara-Antzuola (3,6 kilometro). Seigarren ibilbideak Bergara eta Beasain lotuko ditu, eta 31 kilometrokoa izango da. Bestalde, ibilbide horretako Bergara-Legazpi zatiko desjabetze proiektuaren zerbitzuak kontratatzeko deialdia egin du Foru Aldundiak. 57.600 euroko aurrekontua bideratuko dute.
Bidegorri sarea osatuko dute ondorengo ibilbideek: Donostia-Irun (20 kilometro, eta bide-adarrekin, 33,3); Donostia-Mutriku (67 kilometro); Donostia-Beasain (52 kilometro eta bide-adarrekin, 93,6); Urolako Harana (43 kilometro); Bidasoako Harana (10 kilometro); LeitzarangoHarana (22 kilometro); eta Egoko Harana (bost kilometro).

bizikleta garraiobide moduan

Bidegorrien zatikako planaren helburua nagusia hirien artean ibiltzeko motorrik gabeko baliabideak sustatzea da. Horretarako, azpiegitura bat eskainiko zaie eguneroko joan-etorrietan nahiz aisialdian bizikleta erabiltzen dutenei. Gipuzkoako bidegorrien sareak izango dituen bederatzi ibilbideetako eta bide-adarretako trazatua diseinatzeko orduan, utzita zeuden edo gutxi erabiltzen ziren azpiegiturak erabili dituzte. Alegia, ibilbideak egitean ahalik eta inpaktu txikien sortu gura  dute.

195 kilometro zabalik

Gipuzkoako oinarrizko sarea osatzen dutenean, bederatzi ibilbide eta 378 kilometro izango ditu.  Egun, baina, 195 kilometro daude erabilgarri. Bidegorri sareak bi azpisare izango ditu: alde batetik, herri barrua eta auzoak lotzen dituzten udal jabetzako bideak; eta beste alde batetik, ibilbideek zeharkatzen dituzten udalerriak lotzen dituzten hiriguneko aldundiko sarea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak