Gipuzkoako Artzain Txakur txapelketan hiru debagoiendar

Maider Arregi 2010ko ira. 5a, 23:57
Atzo, domeka, jokatu zen Legazpin Gipuzkoako XLII. Artzain Txakurren txapelketa. Bero galantari aurre eginez, bikain aritu ziren bertan parte-hartu zuten hiru debagoiendarrak. Guztira, bederatzi txakurrek erakustaldi aparta eskaini zuten. Arrasateko Jesus Mari Plazaolak bosgarren postu eskuratu zuen 'Gure' txakurrarekin; Oñatiko Migel Arregik zazpigarrena, 'Mendi'-rekin eta Jose Luis Madinabeitiak, bederatzigarrena 'Txiki' txakurrarekin.

Gipuzkoako Artzain txakur txapelketako irabazlea, aldiz, Juan Jose Arrizabalaga elgoibartarra, Azkar, txakurrarekin dugu.

Jesus Mari Plazaola gustura azaldu zen Gure txakurrarekin egindako lanarekin. "Azken orduan hartu dut parte-hartzeko erabakia eta hobetu daitekeen arren, pozik nago egindako lanarekin. Lasai hartuko dut eta hurrengo txapelketa batetara aurkeztuko naizen  aurrerago erabakiko dut". Arrasatearrak behin baino gehiagotan jantzi du txapela Legazpiko Artzain Txakur Txapelketan, baita Oñatiko Nazioarteko txapelketan ere.

Migel Arregi Arantzazuko artzainak, orain 40 urte Katalunian txapela jantzi zuen. Orain berriro hasi dela txakurrarekin lanean azaldu zigun Arregik: "Txakurrarekin lanean nabil. Hasi berria da eta ez dago txapelketetara ohituta. Dena ondo bidean badoa, aurrerago bestelako txapelketetara ere aurkeztuko gara".

Jose Luis Madinabeitia oñatiarrak txapelketetan maila paregabea erakusten du. Ez zuen zorterik izan ordea Legazpikoan. "Txakurra zeloan daukat eta aztoratuta egon da. Egin duen beroarekin ere ez gara oso fin ibili. Pena, baina ea hurrengoa hobetzen dugun".

Ondorengo astetan, Euskal Herriko  Artzain Txakur Txapelketa jokatuko da Atxondon, Bizkaian. Oñatin, berriz, Nazioarteko txapelketan, onenak lehiatuko dira hilaren 26an.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak