Geroago eta gehiago dira Goienako hedabideak kontsumitzen dituztenak

Maider Arregi 2008ko eka. 6a, 12:18
Goienako hedabideek egonkortu eta sendotu egin dute irakurle eta ikus-entzuleekiko harremana. Ondorio hori atera daiteke azken urteetako joera ikusiz. Izan ere, geroago eta gehiago dira Goienako hedabideen irakurleak eta ikus-entzuleak. GOITB beste tokiko telebista batzuk beren esparruan baino gehiago ikusten da esaterako.


CIESek aditzera eman berri du 2008ko lehen datu-oldeko emaitzak. Euskal Autonomia Erkidegoko hedabideen audientziak neurtzen ditu CIESek eta horien artean Gipuzkoa eta Debagoiena ere hartzen ditu aintzat. Emaitzen arabera, Goiena Telebistak herritarren %13,1ek ikusten dute; hau da, Debagoieneko 8.000 lagunek bezperan GOITB ikusi zutela diote CIESen datuek. 2005etik, hau da, CIES erakundea GOITBren audientziak aztertzen hasi zenetik, emaitzarik onena da.
CIESen ikerketatik atera daitekeen beste ondorio bat da ETB1 eta La Sexta baino gehiago ikusten dela GOITB, TVE2ren parean. Eta beste ondorio bat: penetrazio indize handiena duena da GOITB. Ze, esaterako, Teledonosti Donostialdean %7k ikusten du; Localia Donostialdean, %4,6k; Localia Txingudi Bidasoaldean, %10ek eta GOITB, esan bezala, Debagoienean, %13,1ek.

Goienkaria lider eskualdean

Papereko hedabideak ere neurtu ditu CIESek, eta, Gipuzkoan El Diario Vasco nagusi den neurrian, Debagoienean Goienkaria da audientzia handiena duena, 37.000 irakurlerekin, bigarrenari, DV-ri, alde handia atereaz. Gipuzkoa osoan Goienkariak 45.000 irakurle ditu; izan ere, Debagoieneko astekaria gure ibarrean ez ezik kanpoan ere banatzen da.
Goienako beste hanka nagusia Goiena.net webgunea da. Debagoieneko Internet ataria geroago eta gehiagok bisitatzen du. Izan ere, batez beste gaur egun 2.500 pertsona ezberdin sartzen da egunero Goiena.net-en. Hortaz, gora egin du azkenaldian bisitarien kopuruak eta horretan zerikusi zuzena dauka egin diren berrikuntzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak