Osasun gastua murrizteko helburuarekin, gaixotasun kronikoetarako errezetatzen diren lau botika zehatzen kasuan, generikoen aldeko hautua egiteko agindu die Jaurlaritzak Osakidetzako medikuei. Markako sendagaiak eskainiz gero, euren erabakien arrazoiak eman beharko dizkiete Osakidetzari.
Farmaindustria Farmazia Industriako Enpresaburuen Espainiako Elkarteak epaitegietara eramango du Osasun saila. Elkartearen arabera, Osakidetzaren aginduak hainbat botikarako sarbidea galarazi eta joko arauak erabat aldatzen ditu. Osakidetzak, berriz, bide horretan jarraitzeko asmoa adierazi du.
Generikoak sustatuta sei milioi euro inguru aurreztea espero du Jaurlaritzak. Farmazialariek, baina, salatzen dute horrelako neurriak oztopo direla farmazia industriak ikertzen jarraitu ahal izateko.