Geldialdi eta mobilizazioak egin dituzte borroka eguna dela-eta

Txomin Madina Milikua 2007ko urt. 12a, 16:34
Segi gazte erakundeak deituta, borroka eguna izan da gaur Euskal Herri osoan. Gure ibarrean ere, hainbat ekintza burutu dituzte deialdi honi erantzunez.

Auzitegi gorenak Segi erakundearen aurka egin nahi duen epaiketaren zilegitasun eza eta gazte mugimenduek jasaten duten jazarpena salatzea, baina era berean estatu frantziar zein espainiarrari gatazka politikoa bukatzeko borondatea adieraztea izan dira, deialdia luzatu dutenen hitzetan, gaur egin duten borroka egunaren helburu nagusiak.

Geldialdiak eta mobilizazioak

Goizeko hamaiketan, geldialdiak egin dituzte ikastetxeetan, eta eguerdian mobilizazioen txanda izan da. Arrasaten eta Bergaran egin dituzte ikasleek manifestazioak.

San Viator ikastolatik abiatu da Arrasateko mobilizazioetako bat, eta 20 manifestari inguruk ordu laurdenez Nafarroa etorbideko ibilgailuen bidea hautsi dute. Horrek, tentsio uneak eragin ditu.

Bergaran, berriz, manifestazioa hasi egin dute baina ertzainek galarazi egin dute manifestazioarekin jarraitzea.

Gaur arratsaldean Arrasateko herriko plazan kontzentrazioa egingo dute, arratsaldeko 19:30etik aurrera.

Lagun bat atxilotu dute Arrasaten

Arrasateko Goi eskola politeknikoko ikasleek ere agerraldia egin dute eta agerraldiaren ondoren lagun bat atxilotu dute ertzainek.

Ertzaintzaren arabera, Arrasate ibilbidean istiluak hasi dira ikasleek egin duten agerraldian eta Loramendi kalean edukiontzi bat iraultzen ikusi dute gaztea ertzainek.  Atxiloketa geroago egin dute, 13:00ak aldera, Zarugalde kalean. 23 urteko gasteiztarra da atxilotua. Bergarako ertzain-etxera eraman dute eta desordena publikoa leporatzen diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak