Gaztetxearen aldeko protesta ekitaldia

Jasone Zabala 2008ko abuztuaren 31

Asteburuan hainbat ekintza egin dituzte: hitzaldiak, kanpaldia, manifestazioa... Gaztetxerik gabe daude eta hori salatu nahi dute

Abuztuaren 4an ertzaintzak Oñatiko lau gazte atxilotu zituen San Martin ermita ondoan dagoen etxera sartu behar zirenean, okupazio akusaziopean; lapurreta egotzi zieten lau gazteei. Egubakoitzean epaitu zituzten, baina fiskalak oraindik ez du erabaki zigorra jarriko dieten gazteei edo ez; gehienez isun bat jaso dezakete. Horrela, Oñatiko gazte batzarrekoak gaztetxe gabe daude; uztailaren 16an, Otadui Zuhaiztiko 1.zenbakiko etxea gaztetxe bihurtzeko egindako saiakeraren ostean – uztail amaieran kanporatu zituzten – San Martinekoa izan da hurrengo eta azken saiakera.

 

Protesta ekintzak

Egoera horren guztiaren aurrean hainbat protesta ekintza burutu dituzte gazteek asteburu honetan, jasaten ari diren egoera salatzeko; datorren astean ere ekintza gehiago egingo dituzte. Zapatuan gazteek kanpaldia egin zuten San Martin ermitaren ondoan, ekintza horrekin lortu nahi zutena gaztetxea kanpora ateratzea da. Manifestazioa ere egin zuten herrian zehar eta San Martinen bukatu zuten; ostean, batzar bat egin zuten jendeari bizi duten egoera azaltzeko. Gazte batzarrekoen asmoa gaztetxea edukitzea da, baina Udalarekin ez daukate harrremanik. Gazte batzarreko kideen arabera “Udalak ez du nahi gaztetxerik herrian, eta beraien bidea errepresioa da”. Datorren astean ere beste ekintza batzuekin jarraituko dute.
Lourdes Idoiaga alkateak, bitartean, bere iritzia eman digu: "Udala okupazioaren aurka dago. Herrian tokia dago talde guztiendako; beraz, gaztetxea elkarlanean lortu behar den zerbait da, herrian badaudelako beste talde batzuk eta ez dutelako bide hori erabiltzen eta, okupazioa ez da izan behar hori lortzeko bidea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak