Gaztemaniak programak kontzertuak ekarriko ditu Arrasatera eta Oñatira

Foru Aldundiaren Haur eta Gazteria Zuzendaritzak bultzatzen duen Gaztemaniak programarekin bat egin dute aurten ere Arrasateko eta Oñatiko udalek, eta bakoitzean bi kontzertu egingo dira aurten programa horren eskutik. Gaur aurkeztu dute Gaztemaniak 2010.

Haur eta Gazteen Zuzendaritzak esan du bere gain hartu dituela berriz Gaztemaniak musika programari eusteko konpromisoak, "nahiz eta horrek berarekin dakarren ahalegin ekonomiko handia egin beharra krisi ekonomiko larriko testuinguru honetan", arduradunen esanetan. Bestalde, eguneratu egin ditu Arrasate, Oñati, Donostia, Hondarribia eta Zarauzko udalekin zituen lankidetza hitzarmenak. Udal guztiek eutsi diete programaren gainean hartutako konpromiso ekonomiko guztiei, baina Oñatin lehen baino kontzertu bat gutxiago antolatuko du Aldundiak; Zarautzen ere gauza bera egitea erabaki du. Urtarrilean Sorkunek Oñatin egindako kontzertua Gaztemaniek antolatutakoa izan zen.

Hala, guztira 13 kontzertu izango dira aurten Gipuzkoan Gaztemaniak programaren barruan: bi Arrasaten, Hondarribian, Oñatin eta Zarautzen; eta bost, Donostian. Zazpi kontzertu izango dira martxotik ekainera bitartean, eta beste seiak, irailetik abendura bitartean. Lehenengoa Hondarribiko Psilocybe Enean izango da, martxoaren 26an: Kanadako The Hidden Cameras eta Gipuzkoako Grises taldeek joko dute. Bigarrena Donostiako Gasteszena aretoan izango da martxoaren 30ean: La Habitación Roja taldeak joko du, eta Peachy Joke talde gipuzkoarrak ere bai. Hurrengo kontzertuak hauek dira: Bear in Heaven (AEB), apirilaren 14an Gasteszenan, eta TV Ghost (AEB), maiatzaren 7an Zarauzko gaztetxean.

Gaztemaniak programak eutsi egingo die bere Interneteko webguneei: www.gaztemaniak.net webgunea, eta baita www.myspace.com/gaztemaniak eta Facebook-en bidez bidaltzen dituen mezu elektronikoak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.