Gaur sartu dira indarrean gazteendako beherapenak, Lurraldebusen

Ubane Madera 2008ko urr. 1a, 14:08
Gazte Txartelaren erabiltzaile direnei, Lurraldebusen txartelean sartzen duten euro bakoitzeko, 20 zentimoko hobaria gehituko diete. Horrez gainera, bere horretan geratuko dira bidaia kopuruaren arabera lehenagotik egiten dituzten %40, %70 eta %90eko beherapenak. 24 urtetik beherako Gipuzkoako gazteek aprobetxa dezakete gaur indarrean sartu den hobaria.

Horrekin batera, azaroari begira, bentaja gehiago izango dituzte Lurraldebusen erabiltzaileek; hain justu, beste hiru txartel mota aterako ditu Lurraldebusek.

Batetik, Gizarte Txartelak; halakoek %100eko hobaria izango dute. Hau da, eurek autobusaren txartelean sartzen duten ero bakoitzeko euro bat gehituko die Lurraldebusek.

Txartel mota hori eskuratu ahal izango dute oinarrizko errenta kobratzen duten bizilagunek, baztertze arriskuan daudenek, tutelapean dauden gazteek, errenta aitorpena egin behar ez duten pentsiodunek eta halako egoeratan dauden bestelako bizilagunek.

Nagusien Txartela
Bestetik, pertsona nagusiei begira beste txartel mota bat aterako dute; gazteei moduan, pertsona nagusiei ere euro bakoitzeko hogei zentimoko hobaria emango diete.

Nagusien Txartela eskura dezakete 65 urtetik gorako adinduek eta baita ere zailtasunak dituzten pertsonek, beti ere, zailtasun hori %65ekoa edo hortik gorakoa bada.

Familia ugariak
Bukatzeko, familia ugariei begira ere pentsatu dituzte hobariak autobusaren zerbitzu publikorako. %20tik %50era arteko hobariak izango dituzte haiek. Gainera, familia ugarietakoak diren 10 urtetik beherako umeek doan ibili ahal izango dira autobusean.

Txartela berritu beharra

 

Hilabeteotan indarrean sartuko diren hobari horiek eskuratzeko, Lurraldebusen txartela berritu egin beharra dago. Hori herriko estanko eta kioskoetan egin daiteke. Hain zuzen, azken asteotan igarri dute, bai, saltoki horietan gazte gehiagok eskatu dutela Lurraldebusen txartela. Eta horrekin ez daude oso konforme batzuk, esan duten moduan: "Geroago eta lan handiagoa da eta hori egiteko, gure ohiko lana baztertu egin behar dugu; borondatez hasi ginen, herritarrei zerbitzua emateko helburuarekin, baina… Gainera, orain arte gazteak ibili dira, gero pertsona nagusi eta bestelakoak etorriko zaizkigu".

 

Horrez gainera, autobusaren bestelako erabiltzaile batzuk ere kexu dira, deskontuak eta beste ipini dituzten arren, ohiko txartelen prezioak igo egin dituztelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak