Gaur inauguratu dute Olandixoko tunela

Goiena 2010ko uzt. 26a, 14:46
Aste bukaeran oinezkoendako eta bizikletendako zabalik egon ostean, gaur goizean inauguratu dute Arrasate mendebaldeko saihesbidea. Dagoeneko ibilgailuendako zabalik dago gainera. Bi kilometroko luzera duen errepide berriak 860 metroko tunela du; Gipuzkoako Bide Sareko bi norabideko tunelik luzeena, hain justu. Olandixoko tunelak 7.000 ibilgailu aterako ditu egunero Arrasateko kaleetatik.


Gaurko inaugurazioan, besteak beste, zinta mozketa egin dute. Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok izan du horren ardura, Diputazioko Errepideetako zuzendari Luis Mari Apraiz, Azpiegituretako diputatu Eneko Goia eta Aretxabaleta eta Arrasate alkate Inaxio Garro eta Ino Galparsoro ondoan zituela.

Jarraian, Olandixoko tunelera sartu dira eta arduradun politikoek hartu dute hitza. Olanok Arrasaterendako azpiegitura horrek daukan garrantzia azpimarratu nahi izan du, Arrasateko kaleetatik igarotzen den trafikoa nabarmen murriztuko delako.

Obrak 40 milioi euroko kostua eta 24 hilabeteko egikaritza-epea izan du. 2008ko ekainean hasi ziren lanak. Gipuzkoako diputatu nagusiak horren gaineko balorazio positiboa egin du.

Saihesbidea GI-627 errepideko biribilgune berrian hasten da, Mugarri inguruan. Zatirik esanguratsuena, dena dela, Olandixoko tunela da. 860 metroko luzera duen tunel horrek segurtasun eta kontrolerako neurri modernoenak ditu. Horren harira, azpimarratzekoa da, horretan, Euskal Autonomi Erkidegoan estreineko aldiz, entzumen kalitatea nabarmen hobetzen duen megafonia digitala ezarri dela.

Tuneletik irtendakoan, saihesbideak Aramaio erreka zeharkatzen du zubi berri baten gainetik eta lubetan aurrera jarraitzen du, Markuleteko biribilguneraino.

Bestalde, lanak amaituta badaude ere, Diputazioko Errepideetako zuzendari luis Mari Apraizek jakinarazi du oraindik azken orduko ukituak ematearekin batera, horrekin lotutako beste hainbat proiektu aztertzea eta bideragarria izan ezkero, horiek bultzatzea falta dela. Horren harira, aipatu du saihesbidean helioportua egiteko proposamena jaso dutela eta aztertzen dihardutela hori, Arrasateko Udalarekin batera.
Goizeko inaugurazioaren ondotik, bazkalostean zabalduko dute saihesbide berria ibilgailuendako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak