Gaur Danbakan metala, 70eko rocka, pop-rocka eta post-rocka entzungai

Maider Arregi 2008ko aza. 28a, 09:44
Debagoieneko bi talde, Igor San Juan eta Foxy Boxxi; eta Debabarreneko Norman eta Durangaldeko Hilbete taldea lehiatuko dira, gaur, barikua, Espaloia antzokian. Gaueko 22:30ean hasiko da lehen kontzertua. Sari potoloa banatuko da bertaratzen direnen artean gainera: Loramendik eskainitako eski ekipo bat.


Foxy Boxxi , Arrasate

Arrasateko laukote horrek rocka darama zainetan, eta 2005ean taldea sortu zutenetik poliki-poliki gaur egunera arte euren bidea egiten dihardute. Maria Fagan (Mery May moduan ere ezagutu izan duguna) da abeslaria eta gitarra jotzailea, Oier Arregi, Aitor Etxagibel eta Aitor Morenok lagunduta. Ingelesez abesten dute eta rock-and-rolla egiten dute, gitarra eta melodia indartsuekin aberastuta. Une honetan taldeak autoekoitzitako lana aurkezten dabiltza.

Igor  San Juan,  Aretxabaleta

Igor San Juan Xixtor-ek urte ugari darama etxean abestiak idazten eta gitarrarekin melodiak konposatzen. Tarteka, Aretxabaletan kontzerturen baten esku hartu izan du, baina Danbakako bigarren edizioan esku hartu zuen arte ez zuten askok agertoki gainean aurretik ikusi izan. Pop-rocka egiten du euskaraz abestuta, eta batzutan abesteko moduagatik Txuma Murugarren gogora ekartzen du. Oraingoan ere, seguruenik, ibarreko musikari asko eramango ditu Espaloiko agertokira.

Norman, Eibar-Ondarroa

Norman Batesen jarraitzaile horiek Eibar eta Ondarroatik datoz eta 2007. urtearen bukaeran talde hori sortzea erabaki zuten. Euretako batzuk Electric Dolls taldetik datoz, eta orduko punk-rocketik jauzi nabarmena egin dute oraingoan. Euskaraz abestutako post-rocka egiten dute, gitarra doinuetan Dead Kennedys taldearen aztarna antzematen uzten duena, baina, modu berean, erritmo aldaketetan Minutemen edota M-ak ere gogora ekartzen dituena.

Hilbete,  Durango

Durangoko Hilbete hirukotea gazte samarra da, taldea 2008ko udaberrian sortu zuten-eta. Hala ere, taldekideek badute zelanbaiteko esperientzia musika ibilbidean eta horietako batzuk, besteak beste, Nabari taldean ibiliak dira. Enekok (ahotsa eta gitarra), Yeraik (bateria) eta Asierrek (baxua eta koroak) metalaren eta rock alternatiboaren arteko kantuak egiten dituzte, euskaraz, eta melodia eta indarra, biak, bere tamainan uztartuta.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak