Gazteentzako Informazioaren Europako Eguna dela-eta, zerbitzua ezagutarazi nahi dute gazte bulegoek

Usoa Agirre 2009ko api. 17a, 10:55
ERYICAk, Gazteentzako Informazio eta Aholkularitzarako Europako Agentziak, apirilaren 17a Gazteentzako Informazioaren Europako Eguna izendatu du, "Feel Free to ask!" edo "Galdetzea libre!" leloarekin. Arrasate eta Bergarako gazte bulegoetan zenbait ekintza antolatu dituzte.

Ekintzak

Arrasate

Gazte Bulegoa girotuko dute musikaz lagunduta eta hainbat panel jarrita. Gainera, bulegora doazenei usb memoria bat oparituko diete.

Bergara

  • Zerbitzua kaleratzea (liburutegiarekin batera): apirilaren 23an, udaletxeko arkupetan, 16:30-20:00
  • Hitzaldia: udarako ekintza solidarioak: lankidetza brigadak, auzolandegiak,... maiatzaren 14an, 18:30ean, kultura etxean. (Gazte Informazio Gunearen 10. urteurrena).

Zer dira Gazteentzako Informazio Zerbitzuak?

Gazteentzako Informazio Zerbitzuak, udalek gazteen eskura jartzen dituzten zerbitzuak dira eta gertukoenak Arrasaten, Bergaran eta Oñatin aurki ditzakezu.

Gazteen informazio beharrak asetzea da zerbitzuguneon helburua. Udala eta gazteen artean komunikazioa sustatu eta zubi lanak egiteaz gain, gazteen ekimenak bideratu eta laguntzeko baliabideak ere badira Gazteentzako Informazio Zerbitzuak.

Zerbitzuak martxan jarri zirenetik (Arrasatekoa 1990 urtean, Bergarakoa 1999an eta Oñatikoa 1998an), milaka gazte debagoiendarren informazio beharrei erantzuna ematen dihardute, gai askoren gainean: ikastaroak, aisialdiarekin zerikusia duten gaiak (turismoa, deskontu txartelak, udalekuak, auzolandegiak eta brigadak), lana, dirulaguntzak, etxebizitza, sariketak,...

Gazteentzako Informazioaren lan-ildoak

ERYICAk 2004ko azaroan onartutako Gazte Informazioaren Europako gutunean zehazten dira lan-ildoak. Bertan jasotzen da besteak beste, Gazte Informazio Zerbitzuak gazte guztientzat zabalik egon behar dutela, berdintasuna sustatuz eta gutxietsita dauden taldeei edo behar bereziak dituztenei bereziki arreta eskainiz.

Bestetik, eskuratzen den informazioak gazteen eskakizunak asetzeko modukoa izan behar du, atzematen diren hutsuneak betetzeko adinakoa eta ustez gazteentzako interesekoak diren alor guztiak jasoko dituena, sortzen diren gai berriei erantzun egokia emanez. Ematen den informazioa pertsonalizatua, konfidentziala, osoa, eguneratua, zehatza, erabilgarria eta objektiboa izan beharko da.

Erabiltzaileen perfila

Gipuzkoa mailan jasotako datuen arabera, zerbitzu hauetako erabiltzaileen perfila 25 urteko gaztea da, unibertsitate ikasketak dituena eta euskalduna.

Batez ere gai hauen gaineko informazioa eskatzen da: aisia, lana, deskontu txartelak, heziketa...

Erabiltzaileek oso balorazio positiboa egiten dute jasotako arretaz, 8,2ko puntuazioa ematen diote.

2008ko datuei erreparatuta, Gipuzkoan 27.682 kontsulta erantzun ziren, arretazuzenaren bidez, telefonoz edo posta elektronikoz.

www.gipuzkoangazte.info Gipuzkoa mailako webguneak 110.018 bisita jaso zituen iaz; bertan aurki dezakezue Gipuzkoako sarean sortzen duten informazio guztia, gaika antolatuta.

Informazio horrekin, ostiralero hainbat zerbitzuk aldizkari elektroniko bat bidaltzen diete 2.898 harpidedunei.

Debagoieneko zerbitzuak

Arrasateko Gazte Bulegoa

Arrasateko Gazte Bulegoak 1990ean ireki zituen ateak Garibai Etxean, eta ordutik milaka gazte arrasatearren eta debagoiendarren informazio eskaerei erantzun diete.

Urte hauetan guztietan informazioak bilakaera handia izan du, teknologia berriek informazioa eskuratzeko baliabide berri asko sortu dituzte. Aldatu ez dena gazteek informazio fidagarria, objektiboa eta ulergarria eskura izateko beharra da.

Horren aurrean, azken urteotan gazteei informazioa zabaltzeko bideei eman dietegarrantzia, betiere informazio fidagarria oinarri harturik. Urte hauetan burutu dituzte hainbat ekimen, besteak beste, www.gaztebulegoa.com webgunea eta bertako rss jarioak, aldizkari elektronikoa, sms bidalketak, sariketak, korrespontsalak, gazte elkarteekin elkarlana, Gazte Txokoetan presentzia, ikastetxeak,...

Helbidea: Biteri Etorbidea, 3. 20.500 Tel. 943 25 20 65

Bergarako Gazte Informazio Gunea

Bergarako Gazte Informazio Gunea 1999ko maiatzean jarri zen martxan Errotalde

kultura etxeko bigarren pisuan. Urtean zehar 500-600 bat gazte gerturatzen dira.

Honez gain, azken urteetan, teknologia berrien bitarteko informazio zabalkuntzan jarri dute ahalegina. Besteak beste, www.bergara.net webgunean Bergarako gazteentzako informazio esanguratsuena jasoz, edota astero bidaltzen duten doako aldizkari elektronikoaren bidez.

Helbidea: Errotalde Jauregia, kultur etxea. Tel.: 943 77 91 57

Oñatiko bulegoa

Foruen Enparantza, 4-behea. 943 71 82 57 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak