Gauez zein ordu txikietan, giza uholdea Korrikan

Iker Barandiaran 2009ko api. 5a, 22:52
Aurten ere Debagoienak Korrikako marka oso altu erakutsi du; beste behin erakutsi du euskararen gaineko ardura handia dela eta jendeak gogoz egiten duela korrika egiteko ahalegina, euskararen alde bada. Zapatu gauerdian Bergaratik sartu zen Korrika ibarrean eta handik Antzuolara jo zuen; goizaldean, berriz, Udanatik Oñatira sartu zen eta Leintz ibarra osoa zeharkatu zuen Arabaruntz. Ordu berantiarrak edo goiztiarregiak ziren arren, ume, gaztetxo zein heldu askok esku hartu zuten. Arrakastatsua, oso.

1. Bergara

Erramu Zapatuko jai jendetsuan murgilduta harrapatu zuen Korrikak Bergara. Hala ere, bergarar ugarik egitekoak alde batera utzi, eta Osintxun harrera egin zioten lasterketa herrikoienari. Korrika euskararen ospakizuna izanda ere, are eta jai girokoagoa bihurtu zuten. 

2. Antzuola

Bergaratik Antzuolara, eta han ere ilusio handiz hartu zuten lekukoa. Antzuolakoekin bergarar askok egin zuten bat, sasoian daudela erakutsiz eta euskararengatik bi urtetik behin ahalegina egiteak merezi duelako batez ere. Beste herrietan moduan, hainbat elkartek eta erakundek eraman zuten lekukoa, eta Goienak ere Antzuolan izan zuen kilometroa eramateko ohorea. Deskargarantz jo zuten batutakoek.

3. Oñati

Urola bisitatu ostean, Udanatik sartu zen berriro Korrika ibarrera goizaldeko ordu txikietan, urretxuar batzuk tartean. Oñatin jendetzak hartu zuen ekimena, eta herri barrura sartzean estu gelditu ziren kaleetako batzuk; halakoa zen giroa eta gogoa. Askotako elkarte, erakunde eta aldarrikapenak; baita kilometroak aurrera egin arren, atzera egiten ez zuten lasterkariak.

4. Arrasate

Elorregin hainbat arrasatear zeuden lekukoa hartzeko zain, gogotsu; eta hori egiaztatzeko, luzaroan jarraitu zuten korrika, esaterako Pello Urizar zinegotziak. Euskara elkarteek, ezker abertzaleak, hainbat enpresek, udaleko ordezkariek... gidatu zuten Korrika. Horrez gain, izugarria izan zen petardo eta traka burrundara, jendeak jakin zezan Korrika zetorrela!  

5. Aretxabaleta

06:00etarako Aretxabaletako ume eta gaztetxo nahiko Korrikaren zain zeuden, begietatik makarrak kendu ezinik. Ez hori bakarrik, Miren Zuazabeitia aretxabaletar adindunak ere ilusioz eta harrotasunez eraman zuen lekukoa. Adin guztiak euskararen alde!

6. Eskoriatza

Argi dagoena da Korrikarekin erakunde, elkarte eta mota askotako herritarrek egiten dutela bat, ugarik; giza uholde bat da. Eskoriatzan ere hala izan zen: udaleko ordezkariek, Amuska emakumeen elkartekoek, alderdi politikoek, Elizateak taldekoek... guztiek jartzen dute ale bat. Are gehiago, Aretxabaletako hainbat ausartek ere aurrea hartu gura izan zieten eskoriatzarrei korrikari utzi barik.

7. Leintz Gatzaga

Eskoriatza eta Leintz Gatzagako lurrak batzen diren mugan bat egin zuten Leintz ibarreko muturreko biztanleek. Aldapen aurrean txantxarik ez esan ohi da, baina lasterkariek tipi-tapa gora egin zuten Gatzagan. Hori bai, bitxikeri moduan, antolatzaileen furgonetakoak nahastu eta korrikalariek aurre egin zioten une batez ibilgailuari. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak