2011-2012 ikasturterako prest
18 hilabete geratzen dira zentroaren jarduera abiarazteko eta aurreneko sukaldaritzako unibertsitate ikasleak hartzeko. Eraikina, 8.000 metro koadroko lursailean altxatuko da eta eremu hauek izango ditu: hainbat eremu sukalde lanetarako; esperimentaziorako gelak; pastelak, ogiak eta izozkiak egiteko tailerrak eta laborategiak; eta ikerketarako eremua edota jatetxea, besteak beste.
Mondragon Unibertsitatea buru duen proiektua da eta 2011n, Espainiako Gastronomia Zientzietako lehen Fakultatea izango da; eta Europako bigarrena. Horrez gain, gastronomiaren eta elikagai-zientziaren alorreko Ikerkuntza eta Berrikuntza Zentroa edukiko du. Zentroaren helburua gastronomia-zientzietako arlotan nazioarteko erreferentzia-gunea izatea da.
I+G+b-ko zentroaren helburua, berriz, goi-sukaldaritzako eta beste enpresa-sektore batzuetako profesionalen artean ikerketa eta ezagutzen transferentzia sustatzea da, baita gastronomiari zuzenean edo zeharka loturiko ezagutza-transferentzia ere, horien artean sinergiak sortzeko.
Mondragon Unibertsitateak sustatua
Basque Culinary Center, Mondragon Unibertsitateak eta nazioartean oso ezagunak diren sukaldariek sustatu dute. Erakunde publiko guztien babesa jaso du: Eusko Jaurlaritzarena, Berrikuntzako Ministerioarena, Gipuzkoako Foru Aldundiarena eta Donostiako Udalarena.