Garzonek Batasuneko, EHAK-ko eta EAE-ANVko 44 lagun auzipetu ditu, tartean Ino Galparsoro, Aittor Arantzabal, Mikel Garaiondo eta Mikel Zubimendi

Arritxu Barruso 2009ko martxoaren 23a

Efe agentziak publiko egindako informazioaren arabera, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak dio Batasunak EHAK eta ANV "erabili" egin dituela, ETAk diseinaturiko delitu ekinbidea segitzeko. Auzipetuen artean daude Joseba Permach, Juan Jose Petrikorena, eta Pernando Barrena Batasunako mahaikideak eta baita Ino Galparsoro Arrasateko alkatea eta Aittor Arantzabal, Mikel Garaiondo eta Mikel Zubimendi bergararrak ere.

Aittor Arantzabal, Mikel Garaiondo eta Mikel Zubimendi bergararrak preso daude. 2008ko otsailean atxilotu zituzten Arantzabal eta Garaiondo eta espetxera bidali zituen Garzonek.

Mikel Zubimendi 2007ko urrian bidali zuen kartzelara Garzonek, Batasunaren Mahai Nazionaleko beste 16 kiderekin batera.

Ino Galparsoro, berriz, 2008ko apirilean atxilotu eta kartzeleratu zuten, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratzera joan zenean. Uztailean aske utzi zuten.

Apirilean, deklaratzera

Guztira, 44 auziperatu ditu Garzonek eta apirilaren 13tik 20ra deitu ditu deklaratzera. GOIENA Arrasateko alkateorde Oihana Aranbururekin harremanetan ipini da eta hark jakinarazi du ez dutela kontu honen gaineko jakinarazpenik izan. Orain dela urtebete ezker abertzaleko beste 41 lagun auzipetu zituen Garzonek herriko tabernen auzian; haien artean, Arnaldo Otegi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak