Gero eta lantegi gehiago dira garraiolarien huelga dela eta euren ekoizpena bertan behera utzi behar izan dutenak. Hala, atzo aurreratu bezala, Arrasateko Fagor Etxetresna Elektrikoen lantegiko hozkailuen lerroak eta Garagartzako lantegiak euren ekoizpena eten dute gaur, eta hala egongo dira gutxienez datorren astelehenera arte. Fagor Ederlanetik adierazi dute, bihar Arrasate, Eskoriatza eta Aretxabaletako planten erdia inguru itxi egin beharko dutela, eta egubakoitzerako balitekela ia dena geldi egotea.
Bergarako Candy lantegiak ere, bihartik aurrera ekoizpena gelditzeko erabakia hartu du, hiru egunetarako pilatuta zuten materiala agortu eta gero. Dena den, lantegia geldi egon arren, langileak bertara joango dira bihar, izan ere, oraindik enpresa eta enpresa batzordea ez dira ados jarri geldialdiak ekar ditzakeen ondorioen inguruan.
Bergaran bertan Geyser Gastech lantegitik adierazi digutenez, grebari amaiera gaur ematen ez bazaio, bihar bertan etengo dute euren jarduna.
Jaurlaritzak, konboi bereziak
Huelgak eragin ditzakeen gabeziei aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak atzo iragarri zuen premiazko sektoreen hornidura bermatuko duela. Hala, elikagaiak, sendagaiak, hidrokarburoak eta altzairu fabriketako materialak agortzeko arriskuak egotekotan, Exekutiboak horri aurre egingo diola iragarri zuen Mire Azkarate Jaurlaritzako bozeramaileak.
Gaur bertan abiarazi ditu Jaurlaritzak lehenengo konboi bereziak, eta momentuz istilurik egon ez den arren, Ertzantza konboi hauek eskoltatzen ari da.
Negoziaioak hutsean
Espainiar gobernuko Sustapen Ministerioak bestalde, Garraio Batzordearekin 54 neurri porposatzen dituen hitzarmena adostu zuen atzo, baina , hitzarmen horrek ez du huelga deitu duten patronalen babesik lortu, izan ere, hauek ezinbestekotzat jotzen dute neurri horien artean gutxieneko tarifa egotea, eta momentuz behintzat, ez da halakorik gertatu. Huelgak beraz, aurrera jarraituko du.