Garraioa eta hondakinen bilketa aztergai Mankomunitateko gobernu batzarrean

Txomin Madina Milikua 2010ko urt. 28a, 18:08
Aldundiak taxien inguruan landu duen ordenantza azaldu zitzaien udaletako ordezkariei, eta zabor bilketari dagokionez, Mankomunitateak Partzuergoarekin duen hitzarmenean aldaketak eskatzea adostu zuten.

Pilar Arana Foru Aldundiko Mugikortasun eta Garraio Publikoko zuzendariak, Aldundiak taxien inguruan landu berri duen ordenantza izan zen atzo Mankomunitateko gobernu batzarreko gai nagusietako bat.

Aranak azaldu zuenez, ordenantza hau Gipuzkoako udalerri guztiei igorri zaie bakoitzak bere aldaketak egiteko aukerarekin. Bi helburu ditu ordenantza honek: batetik taxi gidarien formazioa, eta bestetik taxi gidari guztiak sare bakar baten integratzea. Azken helburu hau betez gero, partikularrei zerbitzu hobea eskainiko zaiela uste du Aranak.

Ibarrerako planteatzen den bus azkarren zerbitzuari buruz galdetuta, ideia honen inguruan lanean dabiltzala adierazi zuen foru zuzendariak, eta posible ikusten dutela gaineratu. Egiten ari diren azterketen emaitzak ekainerako gertu egongo direla gaineratu zuen.

Zabor bilketa

Zabor kontuak ere landu zituzten gobernu batzarrean. Hala, bertan bildutakoek adostu zuten Partzuergoak aurkeztutako hitzarmenean, azken honek ezarri gura dituen tarifei tasa figura ematea. Mankomunitatetik azaldu dutenez, tasekin zabor bilketa zerbitzuaren kostuak bakarrik ordainduko lirateke; tarifekin aldiz, errauskailua bezalako beste zerbitzu batzuk ere kobratzeko aukera egongo litzateke. 

Zabor organikoari jartzen dioten hobari %50 izatea ere eskatu du Mankomunitateak. Pedro Lasagabster Ingurumen batzordeburuak adierazi du, hobarien igoera eskatuko dutela batetik herritarren inplikazioa areagotzeko eta bestetik, gaur egungo %25eko hobariekin aurreztutakoa zaborraren garraioan gastatzen duelako Mankomunitateak. 

Debagoienekoa da momentuz errauskailuaren inguruko hitzarmenik lortu ez duen bi mankomunitateetako bat eta hainbat hedabidetan agertu da hitzarmenik sinatu ezean, Mankomunitateari eten egingo zaiola zabor bilketa zerbitzua. Horren harira, Pedro Lasagabasterrek esan du ez dutela uste neurri hori legezkoa denik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak