Garraio publikoa sustatzeko hainbat proposamen aurkeztu dituzte Gipuzkoako Batzar nagusietan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko ira. 11a, 20:54
Krisi egoerari aurre egiteko Aralarrek txartel bakarraren tarifak blokeatzea proposatu du Gipuzkoako Batzar nagusietan. Gainera, Ezker Batuak taldeak beste proposamen bat egin du: bidaiari bat baino gehiago dituzten autoei deskontuak egitea bidesarian.

Aralarrek ebazpen proposamena aurkeztu du Gipuzkoako Batzar Nagusietako Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako batzordean eztabaidatzeko. Aralarrek proposatu du bizi dugun krisi egoeraren aurrean Lurraldebusen txartel bakarraren tarifak blokeatzea. Neurri horren helburua izango litzateke gizartearen mugikortasun gaitasunak ez murriztea eta, bereziki, behar handiena duten pertsonen mugikortasuna bermatuta geratzea.

Gastu publikoa

Rebeka Ubera batzarkideak berretsi du horrelako egoera baten aurrean gastu publikoa, zerbitzu sozialetara bideratutakoa, gutxienez, bere horretan mantendu behar dela.

Diputazioak Garraio publikoa hobetzeko plana garatzen jarraitzea ere espero du Uberak. Plan horren baitan ezarritako neurrien artean daude, oinarrizko errenta eta pentsio urriak jasotzen dituzten pertsonentzat doakotasuna, eta ikasleentzat, jubilatuentzat eta familia handientzat txartel bereziak ezartzeko neurriak.

Ezker Batua

Bestalde, Ezker Batuak taldeak beste proposamen bat aurkeztu du Diputazioan. Eskatzen dute bidaiari bat baino gehiago dituzten autoei deskontuak egitea bidesarian. Proposamenaren helburua, bidaiariek autoa partekatzea da, eta ondorioz, gure errepide sisteman dagoen auto kantitatea murriztea.

Deialdia autobusa antolatzeko

Autoa partekatzeari dagokionez, Donostia eta Zarautz aldeko zenbait lagun autobus bat antolatu guran dabiltza hango langileak Arrasate eta Eskoriatzara ekartzeko. Interesa duenak irailaren 19a baino lehenago eman behar du izena 635719318 telefonora deituta edo asieririzar@gmail.com helbidera idatzita.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak