Garbitu dituzte eremu megalitikoak

Jasone Zabala 2008ko ekainaren 5a

Lanak Udaleko mendi brigadak egin ditu Luis del Barrio arkeologoaren zuzendaritzapean.

 

Egin dituzten lanak

Udalak Donostiako Lurailan enpresa kontratatu du eta bertako arkeologo Luis del Barrioren agindupean herriko mendi brigada maiatzaren 27an hasi zen lanokin. Guztira, bi estazio megalitikotako 13 trikuharri eta tumulu garbitu dituzte. Horrela, Elosua-Plazentzia eremuan –Karakatetik Irimora doan tartean–  15 megalito dauden arren, zortzi dira Bergarako eremuari dagozkionak –beste zazpiak, berriz, Elgoibar, Soraluze, Azkoitia eta Antzuolari–, eta haiek garbitu dituzte. Udala-Intxorta eremuan, berriz –Irutontorreta menditik Intxortaraino–, bost megalito garbitu dituzte. Bi eremu megalitiko horiek Monumentu Multzo Kalifikatua izendatuta daude, eta babesik handiena dute. Horregatik, Luis del Barrioren zuzendaritzapean: "Kontu handiz egin beharreko garbiketak izan dira, ezin daitezkeelako ez trikuharri ezta tumulu horiek hondatu ezta mugitu ere, baina azkenean, lortu dugun emaitza oso ona izan da". Lan horien aurrekontua 3.950 euro izan da. Garbiketa lanak amaituta mantentze lanak egingo dituzte hemendik aurrera. Horrela, azaroan beste garbiketa saio bat saio bat egingo dute, orain arte garbitutakoa mantentzeko.

EREMU MEGALITIkoetara IRTEERA
Eremu megalitikoak garbitu ostean, eta asteburu honetan ospatuko den Mundumira jaiaren barruan, bihar, zapatua, ekainak 7, eremu megalitikoetara irteera antolatu dute, hain zuzen ere, goizeko zortzietan, Irukurutzetara egongo da irteera, trikuharrien ibilbidetik, Pol-Pol mendi taldearen gidaritzapean. Izena eman nahi duenak ondorengo telefonora dei dezake: 902 18 14 71.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak