Oñatiko Hijos de Juan de Garay enpresak enplegu erregulazio espediente bat aurkeztuko duela iragarri zuen pasa den astean, enpresako arduradunen esanetan gaur egun automobilaren sektoreak eskatzen duen malgutasunera egokitu ahal izateko.
Lantegi honen produkzioaren zati handi bat tuboak dira. Tubo hauek, automobileko hainbat elementu egiteko erabiltzen dira, besteak beste, amortiguadoreak, airbagak eta direkziorako elementuak. Latoia ere ekoizten duten Garayn, eraikuntzan erabiltzen dena. Arduradunek adierazi dute bai automobilaren sektoreak eta baita eraikuntzarenak bizi duten une txarrak behartuta hartu dutela enplegu erregulazio espedienteak aurkezteko
Garayko Enpresa batzordea ELA eta LAB sindikatuak osatzen dute, eta ELAtik esan digutenez, oraindik ez dute enpresaren erabakiaren inguruko beste xehetasunik jaso. Esan dutenez, ez dute ondo ulertzen enpresaren erabakia, euren hitzetan duela hilabete oraindik jendea kontratatzen ari baitziren, eta gaineratu dute era berean langileak nahiko haserre daudela, asko komunikabideetatik jakin baitzuten enpresaren erabakia.
Arcelor
Bergaran lantegia duen Arcelor Mittalek ere, bulegoetan zein komertzial moduan lan egiten dutenen artean 600 lanpostu murriztu gura dituela iragarri du. Enpresaren asmoa da, lanpostu murrizketa hau baja boluntarioen bidez egitea, hau da, langileek eurek eskatzea lana uzteko. Lana uzteko eskariak datorren urteko urtarrilaren 31a baino lehen aurkeztu beharko dituzte langileek, eta baldintzak, banaka negoziatuko dituzte. Enpresako iturriek adierazi dutenez, bajak boluntarioak izatean ezin da zehaztu Bergaran zenbat lanpostu murriztuko diren, baina azpimarratu gura izan dute neurri hau ez diela fabriketako langileei eragingo, komertzial eta bulegoetako langileei bakarrik. Lab sindikatuarekin harremanetan jarrita, esan dute Bergarako lantegian abenduaren 19an egingo dutela bilera gai hau aztertzeko.
Cegasa
Oñatin lantegia duen Cegasa enpresak bere aldetik, enplegu erregulazio espedientea iragarri du. espediente honek, aurre erretiro eta 240 langileri eragingo die, eta kontsumorako pilak egiten dituen Gasteizeko lantegia ixtea ekarriko du. enpresako iturriek adierazi dutenez, prezioen eta salmenten jaitsieraren eraginez hartu dute enplegu erregulazio espedientea aurkezteko erabakia, aurten 22 milioi euroko galerak espero baitituzte.. Dena den, iragarri dute pila industrialak egiten dituen Oñatiko lantegiak irekita jarraituko duela, baita beste alor batzutan aritzen diren Gasteizko instalazioak eta Txinako lantegiak ere. Hala, 1000 langile inguruko plantila mantenduko du Cegasak.