Galtzear dauden elikagaiak berreskuratzeko proiektua gertu

Mirian Biteri 2009ko urtarrilaren 30a

Oraindik galdu barik baina saldu ezin diren elikagaiak biltzeko eta banatzeko proiektu aitzindaria jarriko dute abian Diputazioko Garapen Iraunkorreko Departamentuak, Elikagaien Bankuak eta Mondragon Unibertsitateak.

Egitasmo horren bultzatzaile Josu Lizarraldek Elikagaiak berreskuratu eta banatu: Ingurumen-helburu soziala izeneko egitasmoaren nondik norakoak azaldu ditu. Egun, galtzeko gertu dauden elikagaiak supermerkatuetako apaletatik kendu eta zabortegira botatzen direla azaldu du. Esaterako, jogurtak ageri den data baino astebete lehenago kentzen dira apaletatik. Proiektu horren bidez, elikagai horiek bildu eta behar dutenen artean banatuko dira; horrela, ingurumenera hondakin gutxiago botako dira.

Behar dituztenei banatu

Proba ez da gurean egingo. Eroskiren Hurbil eta Garberako supermerkatuetan bilduko dira  hilero elikagaiak: fruta, barazkiak, ogia, jogurtak, hestebeteak eta aurrez egindako jakiak berreskuratuko dituzte eta Oiartzungo Agipad, Donostiako Haurtxoak-era eta Irungo Gurutze Gorrira eramango dira, behar dituztenen artean bana ditzaten. 

Martxoan martxan

Martxoan jarri nahi dute martxan. Probak, gutxienez, hiru hilabeteko iraupena izango du. Emaitzak ikertu eta proiektua Gipuzkoa osora zabaltzea aztertuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak