Galiziar eta asturiarren arteko partiduan lehenak izan dira nagusi; bigarrenean, berriz, Euskadiko selekzioak Kantabriakoa baino gehiago dela erakutsi du; arratsaldeko partiduetan ere Euskadik eta Galiziak beraien nagusitasuna erakutsi dute; horrela, Galiziak Kantabriaren aurkako partidua irabazi egin du –eguneko bigarrena– eta eguneko azken partidua, Euskadik Asturiasen aurka jokatu duena, Jesus Maria Paredes Txutxin hautatzailearen esanetara dauden neskek irabazi dute –beraientzat ere eguneko bigarren garaipena–( 62-42). Asturiaseko hautatzaile Jesus Manuel Sanchezek adierazi duenez, "markagailuko azken emaitzak ez du islatzen joko aldetik bi taldeek erakutsi dutena, nahiz eta hasieran Euskadik bere errenta izan duen".Hala eta guztiz ere, adierazi du Euskadi hobea izan dela intentsitate gehiago erakutsi duelako eta saskiratzerako garaian gehiago asmatu duelako. Esan behar da, maila honetako partiduetan intentsitateak zeresan handia daukala eta hor egon dela pixka bat gakoa. Asturiarrek saskiratze errazak utzi dizkie Euskadiko neskei, eta nahiz eta azken laurdenean asturiarrak markagailuko errenta gutxitzen saiatu diren, Euskadikoek asko asmatu dute jaurtiketa libreetan. Asturiaseko selekzioak taula azpiko jende indartsuagoa eta altuagoa dauka, baina gehiago huts egin dute. Txutxin pozik azaldu da partidu amaieran bere neskek egindako lanarekin: "Jokalariak asko saiatu dira eta guztiek egin dute lan gogor gaur; partiduko gakoa erasoan asmatzen ez genuenean egin dugun defentsan egon da".
Bihar bi partidu
Horrela, Euskadi eta Galiziak erakutsi dute lau taldeen artean indartsuenak beraiek direla eta bihar (12:15) nor baino nor arituko dira Eskoriatza Hiria saria etxera eramateko. Aurretik, 10:30ean, Asturias eta Kantabriako selekzioen arteko partidua jokatuko dute.