Gaitz kromosomikoak antzemateko teknika berriak haurdun guztiendako

Mireia Bikuña 2008ko eka. 26a, 16:53
Urritik aurrera haurdun dauden Gipuzkoako, Arabako, eta Bizkaiko emakume guztiek izango dute beren umekiek Down sindromea edo bestea gaitz kromosomikoren bat duten jakiteko proba egiteko aukera. Hain zuzen, bederatzi ospitaletan hasiko dira proba berriak egiten, tartean, Debagoieneko ospitalean.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gabriel Inclanek astelehenean egindako agerraldian, besteak beste, teknika berrien nondik norakoak, eta lortu gura dituzten helburuak azaldu zituen.  "Helburu nagusiena da, 35 urtetik beherako emakumeen artean Down sindromea garaiz antzematea. Egun, amniozentesia 35 urtetik gorakoek egiten dute doan, eta gainerakoek ordaindu egin behar dute". Guzti hori azaltzeko datuak eman zituen: 2005. urtean, 66 haur jaio ziren Down sindromearekin Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Haietatik hamabi erditzean edo haurdunaldian detektatu zituzten. Gainera, hamabi horietatik bederatzi kasutan, erditu zutenak 35 urtez azpiko emakumeak izan ziren."Guzti horrek bide berriak sortzera bultzatu gaitu", esan zuen Inclanek.

Analisi klinikoaren bidez

Orain arte 35 urtetik gorako emakumeek bakarrik zuten amniozentesia egiteko aukera. Baina. Osakidetzak martxan jarriko dituen teknikei esker, gaitz kromosomikoak garaiz antzemateko aukera izango dute haurdun dauden emakume guztiek.
Hain zuzen, analisi klinikoaren bidez egingo den proban, bi markagailu biokimiko eta ekografia egiteko aparailua erabiliko dituzte. Bestalde, teknika berriak gaitz kromosomikoak aurrez antzemateko eraginkortasuna hobetuko duela esan zuen Gabriel Inclanek. Horrela, kasuen %90etan antzeman ahal izango da fetuak Down sindromea edo beste gaitz kromosomikorik duen.
Bestalde, teknika berriaren bidez, fetua galtzeko dauden arriskuak murriztu gura ditu Osasun Sailak. "Egun, amniozentesia egiten dutenen %1ak fetua galtzeko arriskua du", esan zuen Jaurlaritzako Osasun sailburuak.

Bederatzi ospitaletan

Urrian hasiko dira teknika berria erabiltzen, besteak beste, Gipuzkoan, Debagoieneko, Zumarragako eta Mendaroko ospitaletan 2009. urteko urtarrilerako EAE osora zabaldu gura dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak