Gabonetako Emakumezkoen II. Futbol Txapelketa, abenduaren 28 eta 29an

Txomin Madina Milikua 2007ko abe. 17a, 17:33

Lau talderen arteko txapelketa egingo dute, eta bertan ariko dira nor baino nor Eibarko, Realeko, Athleticeko eta Debagoieneko selekzioko neskak.

Pasa den urteko esperientzia ikusita, Arizmendi ikastolak Gabonetako Emakumezkoen II. Futbol Txapelketa antolatu du abenduaren 28 eta 29rako. Ikastolako arduradunek esan dute, txapelketa hau kirolaren eta batez ere emakumezko kirolaren alde egin duten apustuaren barruan sartzen dela, eta adierazi dute, neskek merezi dutela horrelako norgehiagokak jokatu ahal izatea.

Abenduaren 28an, kadete eta infantil mailako futbol-8 txapelketa egingo dute. Infantiletan, Arizmendi A eta B, Bergara, Lazkao, Anaitasuna, Urki eta Aloña Mendiko neskak ariko dira nor baino nor. Kadeteetan aldiz, Arizmendi A eta B, Bergara, Lazkao, Beasain eta Aloña Mendi lehiatuko dira. 9:30etik arratsaldeko 17:00etara jokatuko dira partidok, Eskoriatzan, Almenen futbolzelaian.

16 urtetik gorako neska debagoiendarrei zuzenduta, areto futboleko txapelketa ere egingo dute 28an.

Lau talderen arteko txapelketa

Abenduaren 29an aldiz, lau talderen artekoa jokatuko dute Super Ligan dabilen Realak, kategoria nazionalean dagoen Eibarrek, Athleticeko nesken bigarren taldeak eta BTLS, Mondra eta Arizmendi ikastolako neskekin osatuko duten Debagoieneko selekzioak. Goizeko 9:30etik 14:00etara izango da txapelketa, Aretxabaletako Ibarra futbolzelaian.

Txapelketaren aurkezpenean egon dira besteak beste Jaime Barriuso Eibarko lehendakaria, Edurne Burgoa Athleticeko nesken lehenengo taldeko bigarren entrenatzailea eta Bixen Kalzon, Realeko Debagoieneko arduraduna. Denak ere gustura agertu dira horrelako txapelketak antolatzen direlako, eta emakumezkoen futbola sustatzeko aukera paregabea dela adierazi dute.

Txapelketako partida guztietarako sarrera doan izango da, eta ikusleen artean bizikleta bat zozketatuko dute.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak