Gabonetako argiak: Oñatik bideratu du diru gehien herria apaintzeko

Edu Mendibil 2007ko aza. 23a, 12:54
Gabonak ate joka ditugula eta, dagoeneko hasi dira ibarreko udalak kaleak txukuntzeko lanekin arduratzen. Aurten ere Oñati izango da Gabonetako argiak jartzeko diru gehien bideratuko duena: 17.950 euroko aurrekontua onartu dute.

Maykolux enpresa arduratuko da argiak jartzeaz. Kalebarria eta Atzeko kaletik arku batzuk kendu eta horren ordez Errementari plazan bi arku jarriko dituzte aurten. Bestalde, Foruen Enparantzan jartzen den zuhaitza Txantxiku Elektrizitateak jarriko du. Azken urteotan zeresan ugari eman du Oñatiko Udalak Gabonetako apaingarritarako bideratuko dirua. Aurten iazko aurrekontuaren erdia gastatuko dute.

Gabonetako giroa piztu

Maider Osa Bergarako Udaleko kultur teknikariaren arabera, azken hiru urteotan 7.000 euro inguru bideratu dituzte apaingarritarako. Aurten ere hainbat kaleri bizitasun gehiago ematea eta Gabon giroa indartzea dira helburuak. Bidekurutzeta, Barrenkalea, Artekalea eta San Pedro kaleetan arkuak jarriko dituzte. Irala kaleko farolak ere apainduko dituzte eta Oxirondo azokan, Mizpirualden eta Udaletxean Gabonak zorionduko dituzte. San Antonion eta Bolun ere izango dira apaingarriak. Oñatin moduan, Maykoluxi adjudikatu dizkiote lanak. Abenduaren 12an piztuko dituzte argiak.

Arrasaten aurreko urteetako materiala aprobetxatuko dute kaleak apaintzeko. Eskoriatzan 2.600 euro inguru bideratuko dituzte eta Antzuolan 6.000 euro aurreikusi dituzte apaingarritarako; Elgetan, berriz, ez dute oraindik horren inguruko erabakirik hartu.

Aretxabaletan, poliki-poliki gastua murrizten hasi nahi dute, Udaleko iturrien arabera. Era berean,  beste era bateko apaingarriak jartzea aztertzen dabiltza, baina aurten oraindik ezingo dute hori egin eta iazko toki berdinetan jarriko dituzte argiak. Zuhaitzak apaintzen dituzte Aretxabaletan: Otalora kalean, Lausitta kalean, Errekabarren kalean, Loramendi kalean eta kirol etxe aurrean bana. Mitarte kaleko platanondo ilara eta Durana kaleko haritz ilara ere bai. Eta Gatzagan ere jarri izan dituzte argiak bi plazetan, baina oraingo udalbatzak oraindik ez du aurten zer egingo duten. Aramaion, ohi denez, zuhaitza jarriko dute sarrerako biribilgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak