Futbolean, UDAk irabazi egin du, Aloñak berdindu eta Mondrak galdu

Arantzazu Ezkibel Galdos 2007ko urriaren 14a

Aretxabaletako taldeak 2-1 irabazi dio Eibartarrak taldeari Ibarran; Mondrak, berriz, zapatuan 1-3 galdu zuen Zumaiakoren aurka eta Aloñak berdindu egin zuen Hondarribian (1-1)

Gogor egin behar izan zuen lan atzo UDAk hiru puntuak lortzeko. Oraindik ere, Igor Arenazaren taldeak ez dio aurtengo denboraldiari neurria hartu; zelai erdian jokoa sortzea falta zaio. Kontuak kontu, atzoko partiduan garaipena eta hiru puntuak lortu zituzten; modu horretan, sailkapeneko bigarren postuan jarri dira aretxabaletarrak.
   

Jokalari bat gehiago

UDAren lehenengo gola Arkaitz Garaik egin zuen, 20. minutuan. Area kanpoko falta bidez gol ederra lortu zuen UDAko atzelariak.
Bigarren zatian, gauzak gehiago nahastu ziren; 75. minutuan, epaileak Eibartarrak taldeko Mutiloa kanporatu zuen. Baina, gauzak alde jarri beharrean okertu egin ziren etxekoentzat. Hurrengo jokaldian, penalti bidez berdindu egin zuen-eta lehia Eibartarrak taldeak. Bigarren gola eta garaipenaren gola, 88. minutuan lortu zuen Igor Arriagak.

Mondrak, galdu

Motel, indar barik atera ziren Mondrako jokalariak zelaira; hala, 2. minutuan izan zuen Zumaiakok gola egiteko lehenengo aukera garbia, baina, 20. minutuan iritsi zen Zumaiakoren gola. Berdinketa, 24. minutuan heldu zen: Keixik kornerra atera eta Iker Lopezek, buruz, baloia sareetan sartu zuen. Zumaiakok penaltiz egin zuten bigarrena eta, hirugarren gola, azkeneko minutuan egin zuten zumaiarrek, etxeko atezainaren huts baten ondoren. Hiru puntuak, hortaz, Mojategitik alde egin zuten zapatuan.
Azkenik, Aloñak berdinketa lortu zuen Hondarribian jokatutako norgehiagokan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak