Frankismoaren biktimentzako "egia eta justizia" eskatuko dituzte

Leire Kortabarria 2007ko aza. 5a, 09:37
Ibarreko fusilatuen senideen batzordeak elkarretaratzea deitu du egubakoitzerako, Laubideko monolito inguruan.

Oroimen Historikoaren Legea zeresan handia ematen dabil. Hala, Debagoieneko Fusilatuen Senitartekoen Batzordeak gogorarazten du, "Erakundeen Deklarazioak, Debagoieneko Udal guztiek onartua 2006an, hauek erreklamatzen zizkien Estatuko botere publikoei: gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak ezin preskribatzeari buruzko Konbentzioa berrestea; epaiketa penal eta militar guztiak baliogabetzea; eta errekonozimendu sozial eta ekonomikoa askatasunaz gabetu zituzten pertsona guztiei". Hala, egubakoitzerako, hilak 9, 19:00etan, Arrasateko frankismoaren biktimen omenezko monolitoan elkarretaratzea deitu dute, "frankismoaren biktimentzat egia, justizia eta kalte-ordaina" eskatzeko.

Joan den domekako beatifikazioen harira, Batzordeak salatzen du frankistek hildako lau erlijioso, Debagoienean jaioak edo hemen zihardutenak, "Elizaren hierarkiak ahaztea". Denetara, 15 erlijioso euskaldun, frankistek hildakoak, ez ditu beatifikatu Elizak, eta beste mila inguru jazarri egin zituen erregimenak.

Gogorarazten dute ere ibarrean 115 lagun, tartean sei emakume, fusilatu zituztela frankistek, eta bermerik gabeko epaiketetan epaitutako Jesus Uranga Urrutia Arrasateko zinegotzi sozialista edo Ricardo Azkoaga.

Beatifikatu ez zituzten erlijiosoak

Jose Joaquin Arin Oiartzabal
Billabonarra, Arrasaten artzapez. Oiartzunen hila (1936-10).

Jose Markiegi Olazabal
Debarra, Arinen laguntzailea zen Arrasateko parrokian.

Jorge Iturricastillo Arantzabal
Elgetan jaioa, Marinen abade izan zen. Ondarretan hil zuten.

Leonardo Guridi Arrazola
Oñatiarra. Arinekin eta Markiegirekin ziharduen Arrasaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak