"Formazioak garrantzia duelako" antolatu du Mankomunitateak Debagoieneko Lanbide Heziketako erakusleihoa. "Langabeziak gora egin duela-eta, hasierako ideia zen langabetuei zabaltzea, eskaintzea, formazioaren bidea. Baina formazioa jasotzeko, osatzeko eta esperientzia baloratzeko aukerak ere eskaintzen ditu Lanbide Heziketak, eta beraz, edonorendako izango da interesgarria erakusleiho hau", dio Amaia Irizarrek, Mankomunitateko Garapen Agentziako teknikariak.
Ibarreko 7 ikastetxe
"Kulturateko klaustroaren bueltan mahaiak egongo dira, ikastetxe bakoitzak eskaintzen dituen aukerei buruzko informazioarekin beteta. Ibarreko Lanbide Heziketako ikastetxe guztiak egongo dira: Oñatiko ETEO eta Zuazola-Larraña, Bergarako Mariaren Lagundia eta Miguel Altuna, Arrasateko Arizmendi eta Goi Eskola Politeknikoa eta Aretxabaletako Lanbide Eskola. Helduen Eskolako ordezkariak ere egongo dira. Gainera, ikastetxe bakoitzak ordu erdiko hitzaldia eskainiko du, rateko gelaren baten", zehaztu du Amaia Irizarrek. Helduen Eskolako ordezkariak ere egongo azoka honetan.
Esperientzia nola baloratu
Ikastetxeen informazio hitzaldiez gain, bestelakoak ere egongo dira. Adibidez, lanean hartutako esperientzia nola bihurtzen den ofizial azalduko du Luis Herrero del Arcok, Lanbide Heziketako kalitatea eta lehiakortasunaren ebaluaziorako Euskal Agentziaren ebaluazio sailaren arduradunak. "Langile asko daude urteak egin dituena lanbide batean lanean, baina ikasketarik gabe. Pertsona horrek sekulako esperientzia du, lanbide hori ondo ezagutzen du, baina ez du "titulurik". Badago aukera bat esperientzia hori ofizial bihurtzeko, balorazio ofizial bat emateko. Hori lortzeko zer egin behar den, zer hartzen duten kontuan eta nola baloratzen duten azalduko du aditu horrek", azaldu du Mankomunitateko Garapen Agentziako teknikariak. "Lanbide Heziketak eskaintzen duen beste aukera bat da hori, eta horren gaineko informazioa ere egongo da erakusleihoan", jarraitu du.
Izan ere, formazioari buruzko aukera asko dituzte eskaintzeko Lanbide Heziketako Institutuek. "Aukera bat da gai zehatz bati buruzko informazioa jasotzea. Baina horrez gain, badaude beste batzuk ere, adibidez, etengabeko formazioaren aukera eta kredituak eginez moduluak osatzeko aukera", azaldu du Ina Larrañagak, Bergarako Miguel Altuna Institutuko zuzendariak.
Beste herrietan ere bai
Uztailaren 19an bigarren matrikulazio epea zabaltzen dute Lanbide Heziketako ikastetxeek, "horregatik erabaki dugu azoka hau hilaren hasieran egitea, jendeak ikusteko ze aukera duen eta datorren ikasturterako izena eman ahal izateko", zehaztu du Mankomunitateko Garapen Agentziako teknikariak. "Helburua da formazioari buruz informatzea eta jendeari ikuspegia zabaltzea, aukera ezberdinak daudela erakustea. Beraz, azoka txiki hau bailarako beste herrietan egiteko aukera ez dugu baztertzen", jarraitu du.